Santa Zezilia eguneko emanaldi berezia

Txintxarri Aldizkaria 2014ko aza. 21a, 11:34
Bihar, Santa Zezilia eguna izango da, musikari guztien eguna. Hau dela eta herriko musikarien harrobiak emanaldi berezia egin zuen atzo. Instrumentu ezberdinetako ikasleek pieza klasikoak modernoagoekin uztartu zituzten festa giroko kontzertu alaia eskainiz. Herriko Alboka abesbatzak ere, igandean abestuko du Oriako kaperan 11:30eko mezan.

Santa Zezilia, musikarien  eguna ospatu zuten atzo Udal Musika Eskolako ikasle eta irakasleek kultur-etxeko areto nagusian eman zuten kontzertuarekin.

Denetariko instrumentuen doinuak entzuteko aukera izan zuten Manuel Lekuonara hurbildu ziren herritarrek: gitarrak, pianoa, trikitixa eta panderoa, flautak eta biolinak arratsaldeko zazpietatik aurrera. 

Era guztietako abestiak entzun ahal izan zituzten herritarrek atzo: herrikoiak, klasikoak, exotikoak... entzun ziren doinen artean 'Nere herriko neskatxa maite' eta 'Xalbadorren heriotza' kanta euskaldunak edota 'Frere Jacques' eta 'La Bamba' ezagunak jo zituzten gaztetxoek, ikasturtean ikasten ari direnaren erakusgarri.

Aretoa bete egin zen musikari gazteak entzuteko eta guraso eta lagunek txalo zaparrada luzeekin erantzun zuten gazteen trebezia eta ahalegina. Larunbatean, azaroaren 22an izango den Santa Zezilia musikarien zaindariaren egunaren aitzakitan egin zuten atzoko emanaldia, festa giroan. 

Alboka Abesbatza
Udal Musika Eskolakoak ez dira izango musikarien eguna ospatzen bakarrak. Igandean, Alboka Abesbatzak Oriako Karmengo Amaren kaperan abestuko du Santa Zeziliaren omenez, 11:30tako mezan. 

Meza ondoren, 14:00etan, Albokako bazkide eta koralistek Goiegi jatetxean bazkalduko dute.