Jalguneren jaialdia azaroaren 29an

Txintxarri Aldizkaria 2014ko aza. 20a, 19:43
Adimen urritasuna duten pertsonen eguna da abenduaren 3a. Hori ospatzeko, jaialdia antolatu du Jalgune elkarteak. Hainbat ekintza antolatu dituzte azaroaren 29rako, gaur emandako prentsaurrekoan zehaztu bezala. Jaialdia iragartzeko baliatu dute agerraldia, baina baita hautagaitza baten berri emateko ere: “Munduko 8. miraria” izateko prest ikusten dute euren burua.

Aparteko ezaugarriak edukitzeagatik dira miretsiak pertsona, gertakari eta gauza batzuk. Miresmena eta harridura sortu dute urteotan gure elkarteko taldekideen ezaugarriek. Beraz, mirari bat garela sentitzeko arrazoiak baditugu”, adierazi dute Jalguneko kideek. 
“Lehenengoak izatea gustatzen zaigu, baina azkenak izatea ere bai. Ekintzetan parte-hartzea dugu gustuko batez ere. Umorea badugu, ona eta txarra. Erromantikoak, originalak, maniatikoak, alferrak, gardenak eta ameslariak gara”, esan dute Jalgune elkarteko kide gazteenek, denek batera.

Jaialdia azaroaren 29an
Jaialdia Manuel Lekuona kultur etxean izango da; 18:30ean hasiko da. Hainbat pertsonak eta elkartek hartuko dute parte Jalgunek antolatutako festan: Semblante Rocierok, Sasoeta-Zumaburuko eta Nahaste Borrasteko haur eta helduek, dantza egin eta bertsoak botako dituzten beste hainbat lagunek, etab.
Jaialdiko emanaldiez gozatzeaz gain, protagonistekin argazkiak ateratzeko aukera edukiko dute ikusleek, bukaeran. ‘Photocall’ bat jarriko dute harreran, ikusleek argazkiak ateratzeko Jalguneko kideekin batera. Egun horretan ateratako argazkiekin “lagunen ahalik eta album politena” osatu nahi du Jalgunek, eta “ospakizunaren oroigarri” gisa gorde.
Jalguneren jaialdiko argazkiak nahi dituzten pertsonek mezu bat bidali beharko dute otl_jalgune@hotmail.es helbidera. Jalgunek zenbait argazki eskegiko ditu baita ere Interneten, bere Facebook orrialdean hain zuzen. 

Jalguneren lagunak
Azaroaren 29ko jaialdia eta munduko 8. mirari izateko hautagaitza aurkezteaz gain, Jalguneko kideek “eskerrak” eman dizkie jaialdian eta urte osoan zehar “isilean lan egiten” duten lagun guztiei: “Guztira, 100 bat pertsonak laguntzen digute aldageletan, bideoak muntatzen, argazkiak ateratzen… Haiei esker, posible izango da jaialdian parte-hartzaile eta ikusleek primeran pasatzea”.
“Laguntzaile guztiak miresten ditugu; beraz, eurak ere hautagai bikainak dira munduko 8. miraria izateko”, adierazi dute Jalguneko kideek. Lasarteoriatarrak jaialdira gonbidatuz amaitu dute agerraldia: “Gurekin primeran pasatzera gonbidatzen zaituztegu! Munduko 8. mirari izendatuko ote gaituzte? Ze esaten/k?”.