Apelliduak abizen bihurtu

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 20a

Jatorriz euskarazkoak diren abizenak, Jauregui, Arregui, Lecuona, Erquicia, Aguirre..., euskarazko grafiarekin jar daitezke herriko bake-epaitegian. Hau nola egin ezagutzera emateko ekimena jarri dute martxan aurten ere Buruntzaldeko Udalek.

Jatorriz euskarazkoak diren abizen asko gaztelaniazko grafiarekin idazten dira oraindik. Euskaraz jarri nahi dituztenek nola egin dezaketen ezagutzere emateko ekimena jarri dute martxan aurten ere Buruntzaldeko Udalek.

Azpilicueta, Zalacain, Eizaguirre, Aguirreche, Echeverría, Arregui, Lecuona, Aguirre,... eta horiek bezalakoak deitura euskaldun euskarazko grafiaz idatzita nahi dituenak oso erraz egin dezake. Bi tokitara joan beharko du herritarrak: Udaletxera eta Bake Epaitegira. Donostian jaiotakoa baldin bada, gainera, Donostiako Erregistro Zibilera ere joan beharko du.

Aldaketa egin ahal izateko, hiru agiri eskuratu behar dira: errolda-agiria, Udaletxean eskatu behar dena; jaiotagiri ofiziala, jaioterriko Bake Epaitegian eskuratu behar dena; NANren fotokopia. Ezkonduek edo seme-alabak dituztenek Familia Liburua ere eraman behar dute. Agiri horiek herriko Bake Epaitegira eraman eta horrekin bertan egingo dute abizenaren aldaketa.

Donostian erregistratuta daudenek jaiotagiri literala eskuratzeko, herriko Bake Epaitegira ez baizik eta Donostiako erregistro Zibilera joan beharko dute. Erregistro Zibila Kalkutako Teresa plazan dago, Donostian.

Zalantzaren bat duenak nahikoa du herriko Bake Epaitegian galdetzea, han emango dizkiete argibide guztiak.

Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek euskararen arloan elkarrekin aurrera eramaten dituzten ekintzetariko bat da ekimen hau, eta tokian tokiko bake-epaitegiekin lankidetzan egingo dute.