132 partaide izango dira aurten Durangon eta horien alboan, aurkezpenean azaldu bezala, beste 16 autoekoizle aurten lehenengoz.
Argizaiola Saria Anuntxi Aranak jasoko du. Angelun bizi da eta euskal mitologian egin ditu bere lan idatziak. Aranaren lan nagusia 1996koa da, Orozko Haraneko kondaira mitikoak, bilduma eta azterketa tesia. Aipatzekoa da, bera izan zela Iparraldean euskaraz egindako lehen tesia defendatzen. Euskal kultura sustatzen egin duen lan hori aitortu nahi dio aurtengoan Durango Azokak. Abenduaren 6an, emango zaio saria San Agustin Kultur Gunean, Oier Guillanek zuzendutako ekitaldian.
Herrialde gonbidatua Okzitania izango da edizio honetan. Okzitaniako kultura eta hizkuntza. “Euskal Herriak eta Okzitaniak lotura badute euren artean, baina neurri batean ezezagunak ere badira eta elkarren arteko ezagutzan sakontzeko prestatu da aurtengo egitaraua”. Euskarak eta Okzitaniak historikoki izandako harremanen inguruko hitzaldia izango da. Hizkuntza gutxituek sareko baliabideak nola erabili ditzaketen ere aztertuko da. Gai horretan ere euskaldunak eta okzitaniarrak elkarrekin ibiliko dira, izan ere, OCtele okzietanierazko lehenengo telebista ere izango da Durnagon, internet bidez emititzen den telbista. “Eta gaztetxoenei begira, Maite Franko ipuin kontalariaren bitartez haur euskaldunek Saguganbaran Jan de l’Ors-en kondaira ezagutuko dute”.
Abenduaren 5etik 8ra milaka lagun jasotzea espero du Gerediaga Elkarteak Durangoko Azokan. “Bisitariei esperientzia errazteko asmoz eta gozagarri egiteko, besteak beste, mugikorretarako aplikazioa eta Euskalteli esker doako wifi zerbitzua emango da”. Instagram sare sozialean ere argazki lehiaketa abian izango da azoka egunetan ere.