Lasarte-Oria Guztiona egitasmoa aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 18a

Artearen bitartez herriko komertzioak bultzatzea, herriko gune desitxuratuak konponduz. Horiek dira Lasarte-Oria Guztiona egitasmoaren helburu nagusia. Gaur aurkeztu du proiektua Udalak, arratsaldeko zazpietan, Villa Mirentxun.

Modu asko egon daitezke herri bateko merkataritza sustatzeko. Horietako bat artea izan daiteke; hala uste du Lasarte-Oriako Udalak, eta 'Lasarte-Oria Guztiona' egitasmoa jarri du martxan, herriko komertzioak sustatzeko 'Biziberritzen' proiektuaren adar bat.

“Lasarte-Oriako komertzioak sustatu nahi ditugu, interbentzio artistiko zehatz batzuk eginez. Era berean, herriko gune desitxuratuak konponduko ditugu, Lasarte-Oriari beste itxura bat emanez”, adierazi du Udalak.

Amaia Illarreta arkitektoa kontratatu du Udalak egitasmoa zuzentzeko, herriko artistekin elkarlanean. Lantalde bat eratzeko asmoa dute, erabakitzeko nolakoa izango den 'Lasarte-Oria Guztiona' egitasmoaren diseinua.

Gaur egin dute lehenengo bilera Udalak herriko artistekin. Villa Mirentxun egin dute, arratsaldeko zazpietan.  Artistek proiektuaren ildo nagusiak ezagutu dituzte Illarretaren eta Udalaren eskutik. 

Illarretak zehaztu du “martxorako” eduki nahi dutela prest proiektua: “Gure asmoa da martxorako erabakita edukitzea zer eta non egin nahi dugun. Egitasmoaren gauzatzea atzeratu egingo da beharbada, baina martxorako zehaztu nahi ditugu ildo nagusiak”. 

Proiektuaren ezaugarriak
Herriko artisten lantalde bat eratu ostean, bizpahiru bilera egingo dituzte, egitasmoaren oinarriak finkatzeko eta zer eta nola egin erabakitzeko.

Udalak identifikatu ditu dagoeneko herriko zenbait gune desitxuratu; artistek ikusi dituzte eraldatu daitezkeen zenbait gune. Udalak zehaztu zuenez, oraindik erabakitzeke daude artearen bitartez itxuraldatuko diren guneak. Artistek ere proposamen batzuk egin dituzte bilera bukaeran.

Lasarte-Oriaren itxura aldatzeaz gain, proiektuaren beste alor bat mural lehiaketa izango da. Lehiaketaren ezaugarriak zehazteke daude oraindik, baina deialdia irekia izango da, parte hartu nahi duen ororentzat. 

Herriaren itxuraldaketa berriz, lasarteoriatarren zeregina izango da, Udalak jakinarazi duenez.