Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, ekintza sorta zabala

Txintxarri Aldizkaria 2014ko aza. 18a, 17:31
Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da azaroaren 25a eta horren harira, ekintza sorta zabala prestatu dute Lasarte-Oriako Udalak eta Sexuen Arteko Bizikidetzarako Emakumeen Zentroak. Tailerra, zinema saioa, ipuin-kontalaria, elkarretaratzea, antzerkia eta argazki erakusketa antolatu dituzte, emakumeek bizi duten "indarkeria" eta "diskriminazioa" salatzeko helburuarekin.

Gaur azaldu dituzte ekintzen nondik norakoak Gorka Lizarraga Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, Izaskun Oronoz arloko arduradunak eta Maite Iglesias eta Joana Azpitarte Emakumeen Zentroko berdintasun teknikariek.
Lizarragak Udalaren izenean azaldu du gizartean oraindik "dimentsio, adin zein kultur talde" desberdinetan "errotuta" dagoela emakumeenganako indarkeria eta "botere-harreman" horren kontra lan egiten jarraitu beharra dagoela.

Egitarau oparoa
Lanketa hori bultzatzeko udalak ostegunetik hasita urtarrilaren 5era arte ekintza ugari prestatu ditu.
Myrian Herbon genero indarkerian adituak "El buen amor es imposible" hitzaldi-tailerra emango du ostegunean Sexuen Arteko Bizikidetzarako Emakume Zentroan.
Larunbatean berriz, Beatriz Egizabal ipuin-kontalariak "baziren behin neska abenturazaleak eta mutil ameslariak" ipuina kontatuko du liburutegian 11:00etan hasita, lau urtetik gorako haurrentzat.
Datorren ostiralean, hilak 28, Emakumeen Zentroko Makelur antzerki taldeak "Belarrira kontatzeko ipuinak" obra eskainiko du kultur-etxean iluntzeko 20:00etan.
Azkenik, abenduaren 3tik urtarrilaren 5era sexuen bizikidetzarako emakumeen zentroan "Emakumeen kontrako indarkeriaren egiak eta gezurrak" argazki erakusketa egongo da ikusgai, Asociación por la igualdad taldearen eskutik.

Beldur Barik
Aurtengo berrikuntza nagusia Beldur Barik bideo lehiaketa izan da. Denera hiru lan aurkeztu dira herri mailan. 12-17 kategorian, Aroa Lopez, Julene Illarramendi eta Ane Galardiren "Altxa emakumea, hautsi zure kateak" soilik aurkeztu da. 18-30 kategorian berriz, Xabier Muñozen "Bazen behin neska bat beldur barik" eta Ainhoa Mendiluze, Ane Labaka eta Irati Perezen "(Hel)mugak" aurkeztu dira.
Ekitaldi nagusia ostiralean egingo da Manuel Lekuonako areto nagusian, 20:00etan hasita. Bideoak pantaila handian proiektatuko dira eta ostean, sariak banatuko dira.
Ondoren, 22:00etan, "Magical Girl" pelikula emango da, Donostiako Zinemaldian film onenaren urrezko maskorra eta zuzendari onenaren zilarrezko maskorra lortu dituen Carlos Vermuten obra.

Azaroaren 25a
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako agerraldia egingo da asteartean Okendo Plazan, arratsaldeko 19:00etan. Aurtengoan, 100 herritarren artean puntu more erraldoi bat osatzeko asmoa dute, Kukuka dantza eta antzerki eskolako kideek inguruan dantza desberdinak gauzatzen dituzten bitartean.
Izaskun Oronoz Gizarte Zerbitzuen arloko arduradunak esan du muralean parte-hartu nahi dutenek aste honetan Emakumeen Zentrotik pasa behar dutela txarteltxo batzuen bila, gero, egunean bertan kartel more batengatik aldatzeko.
Dena den, herritarren bat txartelik gabe geratuz gero, beldurrik gabe elkarretaratzera hurbiltzeko deia zabaldu dute.
Izan ere, Gorka Lizarraga Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu moduan, emakumeen aurkako indarkeria "publikoa" eta "soziala" da. Beraz, bizitza publiko zein pribatuan gertatzen diren "indarkeria-ekintza fisiko, psikologiko, sexual, sozial, sinboliko eta ekonomikoak" salatzeko konpromezua hartu du Udalak, "menderatze-harremanak" desagertu arte.