2015eko Tratu on bat egutegia, martxan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 17a

Lasarte-Oriako hirugarren sektorea osatzen duten komertzioak izango dira 2015eko Tratu on bat egutegiko protagonistak. Haiekin bilera egin du gaur Udalak Villa Mirentxun, egutegian parte hartzera gonbidatzeko eta argibideak emateko.

Udaleko Merkataritza teknikari Dioni Avilak eta Tratu on bat markaren webgunea garatzen ari den Ivan Manzanok eman dizkiete azalpenak Villa Mirentxura hurbildu diren merkatari, ostalari eta zerbitzuak eskaintzen dituzten pertsonei. Asko dira herrian, eta denak ez dira gaurko bilerara joan; 30 bat pertsonak entzun dituzte Avila eta Manzanoren azalpenak.

Egutegiaren helburu nagusia "herriaren oinarrizko sektore ekonomikoa osatzen duten komertzio txikiak bultzatzea" dela azaldu du Avilak: "Egutegiaren bitartez, hirugarren sektoreak lasarteoriatarren artean ahalik eta laguntza, bultzada eta proiekzio handiena izatea nahi dugu". 

Sei argazki

Iaz baino bi argazki gehiago izango ditu 2015ko egutegiak; sei guztira, bi hilabetero bat. Asier Esparza herriko argazkilariak egingo ditu konposizio horiek. "Aurtengo argazkiak hirugarren sektoreko ordezkarien etxeetan egitea da gure asmoa", azaldu du Esparzak. Argazkietan parte-hartzeko prest daudenak zeintzuk diren jakiteko, orri bat banatu du Dioni Avilak bileran bertan.

Deialdia irekia dela nabarmendu du Avilak, eta bilerara joaterik izan ez dutenei ere luzatu die gonbitea egutegian parte hartzeko. Bere aldetik, Asier Esparza argazkilariak zehaztu du "ahalik eta lasterren" hasiko direla egutegia osatzen.

Webgunea

Egutegiaz gain, webgune bat prestatzen ari da Udala, herriko hirugarren sektorea osatzen duten komertzio eta dendei toki bat eginez sarean. Horretarako, marketing komertzialeko kudeatzaile Ivan Manzanoren laguntza edukiko dute. Manzanok adierazi du "webgunea prestatzen" ari direla oraindik, eta atari hori denden "erakusleiho digital moduko bat" izango dela.