Tutorea da protagonista ikasturte honetan Gure Esku Dago dinamikan. Ekainean egin zen giza katean parte hartzea handia izan zen, 950 herritarrek hartu zuten parte eta herriko taldeak helburu guztiak erraz gainditu zituen.
Azaroaren 8an Zurriola hondartzan egin zen mosaikorako tiketak Okendon saldu eta herritarren presentzia bermatu zuen taldeak. Martxan daudela erakutsi dute eta ikasturte berrirako erronkak ere finkatuta daude; aurten talde eragilearen protagonismoa tutore eta saretuek hartuko dute.
Oraingoan, herritarrak parte hartze soiletik, dinamikaren parte izatera bideratu nahi ditu Gure Esku Dagoko lantaldeak. Helburua, herrian 70 tutore lortzea da eta tutore bakoitzak 20 pertsonako taldea osatu eta saretu beharko du. Azken ekintza Anoeta estadioan egingo da ekainaren 20ean. Bertan postontzi bat irudikatuko da herri bakoitzak jositako oihalarekin.
Edozein izan al daiteke tutore?
Lagun talde eta familia guztietan egoten dira pintxo potean botea eramaten duten edota noizean behinkako bazkari eta afariak antolatzen dituzten “saltseroak”, beraien burua 20ko taldea dinamizatzeko prest ikusten dutenak edota ilusioz herria piztu eta aktibatu nahi dutenak. Hauek lirateke aproposenak Gure Esku Dago dinamikan tutore izateko, eta bere saretuen taldea gidatzeko. Nik hainbat eta hainbat ezagutzen ditut herrian.
Zer egin behar du tutore batek?
Tutore bakoitzak gure bueltan 20 pertsona bildu beharko ditugu eta dinamikan parte izatera gonbidatu. Hau da, saretu. Tutoretzaren ardura taldetxo bakoitzean biren artean bana-tzeko aukera ere izango da, taldeak berak erabakiko du bere funtzionatzeko modua zein izango den.
Tutoreak Gure Esku Dagoko lantaldearekin kontaktuan egongo gara eta bertan jasotako informazioa gure 20ko taldeari pasako diogu. Aldi berean, guk tutoreok, gure saretu taldetik sortzen diren iritziak eta proposamenak jaso eta lantaldeari jakitera emango dizkiogu.
Azkenean, Gure Esku Dagoko lantaldea eta saretuen, herritarren, arteko informazio transmisioa bermatuko duen pertsona izango da tutorea, bi norabideetan.
Zer esan nahi du saretua izateak?
Orain arte herritarrok dinamikan parte hartu dugu antolatutako ekintza ezberdinetan, aurten saretuko garen neurrian, dinamikaren parte izango gara. Saretu bakoitzak tutoreak pasatzen dion informazioa bereganatu eta bere inguruan zabalduko du. Horren aurrean sortu daitezken erantzunak, kritikak edota zalantzak, bueltan jakinaraziko dizkio tutoreari.
Ikasturte honetan, beraz, Gure Esku Dago dinamikan parte hartu nahi duen orok, saretua izan beharko du edo tutore bihurtu.
Nola lan egingo du tutoreak saretuekin?
Tutore eta saretuen arteko harremana eurek erabakiko dute nola egin, zein foro erabili informazio trukea errazteko.
Ziur batzuek, bazkariak edo afariak antolatuko dituztela, beste batzuek eguneroko bizitzako ikastaro, autobus geltokiko itxaronaldi, seme-alaben eskolaz kanpoko ekintza edo bilerak erabiliko ditzute saretuekin elkartu eta informazioa elkartrukatzeko. Beste askok, email, facebook edota WhatsApp talde bidez lan egingo dute, batez ere.
Saretu izateak ez du lan karga handia suposatuko, bakoitzak bere neurriko tokia bilatu beharko du sare horren parte izateko.
Saretuengana iritsitako informazioa bertan amaitu ez dadin, saretuei informazio hori beraien inguruan ere zabaltzea eskatu nahi diet.
20ko taldea osatzeko gauza izango ez bazinate, lasai, nik jarriko zintuzketet beste taldetxo batzuekin harremanetan guztion artean 20ko multzoak osatzeko; denok izango dugu sarean tokia eta!
Zein da lan honen helburua?
Ekainaren 20an ekintza egingo du herrialde bakoitzean Gure Esku Dagok, gure kasuan Donostian, Anoeta estadioan.
Bertan, herri bakoitzean jositako tela zatiekin postontzi handi bat osatuko da. Tutore bakoitzak tela zati bat izango dugu eta 20 saretuek elkarbanatuko dute tela zati hori.
Ekintza ezberdinak egin beharko ditugu herri mailan, tela zati horiek josteko. Herritar ezberdinek sarea osatuko dugu. Lasarte-Oriako zatia egiteko, helburua da 70 tutore lortzea, eta 1.400 herritar saretzea. Josiko dugun tela zati hori izango da herrian osatuko dugun sarearen errepresentazio fisikoa. Beraz, josiko ditugunak ez dira oihal zati soilak; herriko iritzi, pertsona eta “kolore” ezberdinak baizik, guztiontzako oso aberasgarria izango da ziur esperientzia berri hau.
Oihal hori egitea aitzakia bat izango da herri bakoitzean herritar sare batu bat osatzeko. Behin gure herriko saretzea lortuta, inguruko herrietako oihal zatietara batu eta Gipuzkoakoa osatuko dugu.
Herri mailan zein ekintza aurreikusten dira?
Gabonetan lehenengo ekintza egin nahi dugu. Orduan bildu nahiko genituzke dagoeneko lortutako tutore eta saretu multzoa. Martxan jarri garela erakusteko balioko du lehenengo agerraldi honek. Otsailean, beste ekintza bat egin nahi da, kasu honetan, tutore eta saretu kopuru potoloarekin kontatu nahiko genuke.
Apirilaren 25ean Euskal Herri mailako ekintza izango da. Herri bakoitzean Gure Esku Dago festa egingo da eta egun horretan, herri bakoitzak lortutako tutore eta saretu zifra ofiziala eman beharko da.
Gure helburua da, egun horretarako 1.000 saretu izatea eta tela zatiak gure artean josten hastea. Ekainerako 1.400ak lortzea litzateke azken helburua eta erronka handia. Ez da lan erraza izango baina ziur nago lehengo urtean piztu genuen ilusio garra oso bizirik dagoela eta guztion artean aurten ere erronka gainditzeko gai izango garela.
Tutore izan nahi dutenek zer egin behar dute?
Lasarte-Oriako tabernetan tutore bezala izena emateko orriak jarri dira eta Gure Etxea tabernan postontzi bat, hor utzi beharko da orria.
Hala ere, informazio gehiago nahi bada, gedlasarteoria@gmail.com helbidera idatzi dezakete herritarrek, eta neronek erantzungo nieke; herritarrei laguntzeko prest izango naiz beti!
Abenduaren 9an kultur etxeko hitzaldi aretoan 19:00etan bigarren tutore bilera izango da eta irekia izaki, nahi dutenak joan ahalko dira.
Zein talde ari dira orain lanean Gure Esku Dago dinamikaren baitan?
Saretze lantaldearekin batera, komunikazio, ekonomia eta ekintza lantaldeak ari dira gogotsu dinamika aurrera ateratzeko lanetan.
Ekonomiari dagokionez, bereziki azpimarratu nahi dut taldeak ez duela dirulaguntzarik jasotzen eta ekintzak finantziatzea posible izan dadin, kamisetez gain material berria ere salgai jarriko dugula.
Aipatu Lantalde horiei laguntzeko, lehenengoz Lasarte-Orian, Adosgune bat sortu nahi dugu. Bertan parte hartuko duten herritarrek, orain arteko ibilbidea kanpotik ikusi eta baloratu beharko dute. Aniztasuna eta iritzi ezberdinetako jendearen parte hartzea lortu eta zainduko du bereziki talde honek. Euren lana beste esparru eta beste jende batengana iristea izango da. Dinamika zabaltzeko lana egingo dute azken batean.
Gogoratu nahi diet herritarrei, lan talde guztiak irekiak direla eta herritarrek hauetan parte hartu dezaketela.
Animatu beraz, elkar-josi gaitezen eta sortu dezagun Lasarte-Oriako sarea! Aurtengo erronka gainditzea ere Gure Esku Dago eta!