Akordeoia protagonista

Txintxarri Aldizkaria 2014ko aza. 16a, 11:00
Zero Sette Akordeoi Orkestrak antolatutako XI.akordoi jaialdiaz gozatu ahal izan zen bart iluntzean Manuel Lekuonan. Ohi bezala gonbidatu bereziak izan ziren herriko taldearekin oholtzan, Joxan Goikoetxea soinujole hernaniarraren doinuak izan ziren batetik eta Joao Frade akordeoilariak eta Munir Hossn gitarrajoleak osatutako bikotea bestetik.

Akordeoi zaleek ederki gozatu zuten bart Zero Settek hamaikagarrenez Manuel Lekuonan antolatutako jaialdiaz. Honetan bereziki aipagarria izan zen doinuen ezberdintasuna. Pieza klasikoagoak batetik eta erritmo afrikar, brasildar eta portugaldarren fusioa bestetik. Ikusleen txalo zaparrada luzeek agerian utzi zuten emanaldiaren maila.

Kontzertua Joxan Goikoetxea musikari hernaniarrak hasi zuen. Bakarka abesti bat jo eta ondoren, Idoia Noble eta Eli Iragorrik lagundu zioten beste kanta batean. Txema Garces, Josune Marin eta Oriol Flores gehitu ziren jarraian eta batera bi kanta gehiago jo zituzten.

30 urteko ibilbide luzea du Goikoetxeak eta artista ezagun askoren diskoetan parte hartu du Mikel Laboa, Jorge Drexler, Kepa Junkera edo Oskorri besteak beste.

Kontzertuan aipatu zuenez, aspaldiko ezaguna zuen Joao Frade portugaldarra baina hain zuzen, atzo izan zuten lehenengo aldiz, Lasarte-Orian, aurrez-aurre ezagutzeko aukera. Goikoetxeak anekdota modura azaldu zuen musikari portugaldarraren lana ondo ezagutzen zuela eta Andoainera ekarri zuela behin kontzertu bat ematera. “Elkarrekin jotzeko aukera izango genuela uste nuen baina egun berdinerako Portugaldik gonbita heldu zitzaidan akordeoi jaialdi batean parte hartzeko. Gure bideak gurutzatu egin ziren. Azkenean, Lasarte-Oriako jaialdiaren aitzakiatan ezagutu gara”.

Horrela izanda, Goikoetxeak Frade gaztearen ibilbide arrakastatsua aipatu zuen, soinua jotzen birtuosoa dela esan zuen. Izan ere, nazioarte mailako sari garrantzitsuenak eskuratu ditu dagoeneko. Elkarrekin inprobisazio bat jotzera animatu ziren Goikoetxearen taldearen laguntzarekin. Bi musikarien trebeziaren aurrean txalo zaparrada luzearekin erantzun zuten ikusleek.

Doinu nahasketa

Jarraian, bikote gisa eskaini zuten emanaldia Joao Frade akordeoilari portugaldarrak eta Munir Hossn gitarrajole brasildarrak. Elkarrekin grabatutako "Piriquitos e Botonetes" diskoan jasotako kantak eskaini zituzten. Doinu ezberdinen fusioa ekarri zuten eta entzuleak bidaia txiki bat egitera gonbidatu zituzten musika afrikarra, portugaldarra eta brasildarra ardatz hartuta.

Bikotea “oso gustura” sentitu zen oholtzan “entzuleen harrera beroagatik” eta 45 minutuko emanaldia eskaini zuen.

Azkenean, etxeko taldeak hartu zuen lekukoa eta Zero Settek hiru soinu banda ezagun jo zituzten emanaldia bukatzeko.

Musikariei oroigarria eman zien bukaeran Pablo Barrio alkateak.

Bideotekan gaueko abestietako batzuk.