‘Tratu on bat’ egutegia osatzeko deialdia

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 14a

Iristear da 2015. urtea, eta hainbat gauza etorriko dira urte berriarekin batera. Horietako gauza bat da ‘Tratu on bat’ marka promozionatzeko egutegi berria. Deialdia egin du Lasarte-Oriako Udalak; bilera egingo dute Villa Mirentxun, astelehenean, 13:30ean. “Hirugarren sektorean lan egin eta egutegian parte-hartzeko interesa” duten pertsonentzat egin du deialdia Udalak.

“Egutegia osatzen duten sei argazki-konposizioetako bakoitzean Lasarte-Oriako merkatari eta ostalariek benetako presentzia izatea izango da horien inplikazioa erakusteko modurik onena”, adierazi du Udalak. “Iaz bezala, argazkiak aukeratzerakoan udalerriko hirugarren sektoreak zuzenean parte hartzea nahi genuke”.

Herriko hirugarren sektorearen garrantzia nabarmendu du Udalak, deialdia egiterakoan: “Gure herriaren merkataritza eta ostalaritzako egiturari eusten dio egunez egun. Egitura horrek osatzen du Lasarte-Oriaren oinarrizko sektore ekonomikoa”.

Hirugarren sektoreari laguntza

Udalak azpimarratu du “hirugarren sektoreak herrian laguntza, bultzada eta proiekzio handiena” izatea dela ‘Tratu on bat’ egutegiaren helburua: “Lasarte-Oriako garapen ekonomikoan inplikatuta dauden guztion artean lortu behar dugu helburua, Tratu on bat markaren eta egutegiaren bitartez”.

Bilera astelehenean egingo dute, baina norbaitek argibideren bat behar izanez gero, Dionisio Avila udaleko enplegu dinamizatzailearekin harremanetan jartzeko aukera edukiko du, Udalak jakinarazi duenez. 943 37 61 83 telefonora hots egin dezakete, edo d.avila@lasarte-oria.org helbidera mezu elektroniko bat bidali.