Antxon Aguirre Sorondoren hautagaitzaren alde agertu da Udala

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 12a

Antxon Aguirre Sorondo Eusko Ikaskuntzako aurtengo Manuel Lekuona saria irabazteko hautagai izatea babestu du Lasarte-Oriako Udalak. Adierazpen instituzional bat onartu zuen atzo, ohiko udalbatzarra hasi aurretik.

Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du onartua izan dela Aguirre Sorondoren hautagaitza. Bozketak irekita daude, erabakitzeko nori eman aurtengo Manuel Lekuona saria.

Adierazpen instituzional horretan adierazi duenez, Antxon Aguirre Sorondoren hautagaitza babesten du Udalak, 2014ko Manuel Lekuona saria irabazteko. Horrez gain, lasarteoriatarrei eskatzen die Aguirre Sorondoren alde bozkatzeko Eusko Ikaskuntzaren webean

Aguirre Sorondok "Lasarte-Oria eta euskal komunitateari utzitako obra" nabarmendu nahi du Udalak adierazpen instituzional horren bidez. Aguirre Sorondoren lagun batzuek, kultura esparruko pertsona ezagun batzuek eta Eusko Ikaskuntzako zenbait bazkidek abiatu zuten hautagaitza prozesua.

Sari garrantzitsua

1983an eman zuen lehen aldiz Manuel Lekuona saria Eusko Ikaskuntzak. Helburua honakoa da: Euskal komunitate globalerako ekarpen adierazgarria egiten duten pertsonen obra osoei errekonozimendua ematea. 

Hainbat pertsona adierazgarrik irabazi dute sari hori azken urteetan: Jorge Oteizak, Jesus Atxa Agirrek, Menchu Galek, Montxo Armendarizek eta baita Manuel Lekuonak berak ere.