Memoriaren egunean ekitaldi xumea egin du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko aza. 10a, 19:28
Biktima guztiak gogoan izan dituzte gaur arratsaldean Lasarte-Oriako alderdietako ordezkariek Askatasunaren plazan. Ekitaldian ez du parte hartu PPko zinegotziak.

Arratsaldeko seietan puntuan hasi da omenaldia. Agurra dantzatu dute Erketzeko dantzariek lehenbizi. Horren ostean, udaletxeak onartutako adierazpena irakurri du Pablo Barriok. Honela dio:

"Etorkizuneko bakeak eta bizikidetzak biolentziaren bidegabekeriaren aitortzea eskatzen dute, sortutako minaren eta biktimen duintasunaren aitortzea, biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea dutelarik". 

Testua irakurri ostean, lore-sorta utzi dute udal ordezkariek Gotzon Huegunek egindako 'Geroaren Memoria' eskulturaren oinetan. Ekitaldira gerturatutakoek hamabost minutuko isilunea egin dute ondoren, biktimekiko errespetua adierazteko.