Beste garaipen bat Babyauto Zarautz/Beltzak taldearentzat, Igoera Fasera bidean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 10a

Larunbat goizean, 14 urtez azpiko B taldeak Bera Bera garaitu zuen Zarautzen eta A taldeak galdu egin zuen Eibar-Arrasate taldearen aurka. Michelinen berriz, 16 eta 18 urtez azpikoek jokatu zuten Hernaniren aurka, eta ezin izan zuten garaipena lortu. Dena den, herriko mutilen jarrera eta kemena azpimarratzekoak izan ziren Hernani indartsu baten aurrean.

Seniorretan, Ohorezko B mailan, Babyauto Zarautz/Beltzak taldearen bolada onak ez du etenik. Asti zelaia gotorleku bilakatu dute gipuzkoarrek eta Real Oviedo Rugby taldeak ezin izan zuen ezertxo ere egin etxekoen nagusitasunaren aurrean. Azken emaitza, 42-5ekoa.

Jaun eta jabe izan ziren Babyautoko morroskoak, eta hutsean utzi zuten asturiarren markagailua 78. minutura arte, orduantxe lortu baitzuen Oviedok ohorezko entsegua.

Denak ez ziren albiste onak izan ordea lasarteoriatarrentzat, 12. minutuan, Unai Urruzolak berdegunea utzi behar izan zuen orkatila bihurrituta. David Vegak neurketa osoa jokatu zuen eta Ander Rekondo, Xabier Rekondo eta Julen Aristorena 50. minutua pasata zelairatu ziren. Bost jokalariek jarritako aletxoak, talde handi baten laguntzarekin, sailkapen nagusiko bigarren postuan mantentzen ditu gipuzkoarrak. Igoera Fasera sailkatzeko borrokan jarraituko dute, Espainiako Ohorezko Maila amets.

Horretarako baina, datorren asteartean Valladolidera bidaiatu beharko dute, Hermi El Salvador B taldearen aurka garaipena eskuratu eta beste urrats bat aurrera emateko.