Akordeoi zaleak direnek eta baita ez direnek ere asteburu honetan dute zita, larunbat arratsaldeko zazpietan zehazki, Manuel Lekuona kultur etxean. Akordeoi Jaialdia antolatu du Zero Sette Akordeoi Orkestrak. Aurtengoa XI. edizioa izango da.
Emanaldira gerturatzen diren herritarrek hainbat artista ikusiko dituzte oholtza gainean. Zero Sette herriko akordeoi orkestrak berak joko du larunbat honetan. Haiez gain, beste hiru artista gonbidatu dituzte jaialdira: Joxan Goikoetxea akordeoilari profesional hernaniarra eta Joao Frade soinujoleak eta Munir Hossn gitarrajoleak osatutako bikotea.
Antolatzaileek azaldu dutenez, 3 euro balio du larunbateko jaialdiaz gozatzeko sarrerak. Doan sartu ahalko dira 16 urtez azpiko ikusleak. Sarrerak salgai daude jada, Manuel Lekuonako txarteldegian.
Ibilbide luzeko soinujolea
Musikari interpretea, moldatzailea, konpositorea eta ekoizlea da Joxan Goikoetxea hernaniarra. Jaialdiaren antolatzaileek nabarmendu dute “Espainiar estatuko akordeoilari garrantzitsu eta aktiboenetako bat” dela Joxan Goikoetxea.
“Bere ibilbide artistikoan zehar hainbat forma eta espresio landu ditu Goikoetxeak, folklorikoenetatik hasi eta abangoardistetaraino. Era berean, teknologia berriak ere aplikatu ditu berak zuzendu eta partekatutako hainbat egitasmotan”, adierazi dute antolatzaileek.
“Sona handiko” hainbat artistarekin egin du lan Goikoetxeak, antolatzaileek zehaztu bezala: Mikel Laboa, Kepa Junkera eta Pier Paul Berzaitzekin, besteak beste.
Akordeoia eta gitarra
Bikote gisa eskainiko dute emanaldia Joao Frade akordeoilari portugaldarrak eta Munir Hossn gitarrajole brasildarrak.
Zortzi urterekin hasi zen Frade akordeoia jotzen ikasten, Hermenegildo Guerreiro irakaslearekin batera. 22 urterekin lehiaketa internazional garrantzitsuenetara jauzi egitea erabaki zuen. Horretarako, Frantziako CNIMAra joan zen, Jacques Monet maisuaren aginduetara jarri zen. Handik bi hilabetera munduko txapelketa, munduko kopa eta beste hainbat sari eskuratu zituen Fradek.
Soinujole portugaldarraren alboan ariko da Munir Hossn, munduko musikari garrantzitsu askorekin lan egin duen gitarrajole brasildarra. Zero Sette Akordeoi Orkestrak osatzen du aurtengo jaialdiaren egitaraua.