Behobia-Donostia, atletismoaren festa

jon-altuna-egitegi 2014ko azaroaren 9a

Goizean goizetik ilusioa nabari zen lasterkari lasarteoriatarren artean. Treneko geltokian giro ona, urduritasuna eta hotza nahastu dira Behobiarako bidea hartu aurretik. Tenperatura 12 gradukoa zuten irteeran, tanta batzuk ere bota ditu eta haizeak apenas zuen indarrik. Korrika egiteko giro aproposa azken finean. Denera 239 lasarteoriatar zeuden izena emanda, eta Boulevardeko helmuga-marra 219 herritar ausartek zeharkatu dute. Zorionak denei!

Urrezko ezteiak bete ditu aurten Behobia eta Donostia lotzen dituen probak. Fortuna Elkarteak modu berezian ospatu nahi izan du urteurrena. Batetik, 26.787 laguneko tropel koloretsua irten da errepidera eta bestetik, ibilbidean aldaketatxo bat egin nahi izan dute, Lezoko txirristrak zein Pasaiako portuko zuzengunea kendu eta Errenterian barrena bideratu dutelako lasterketa.

Parte-hartzaileei oro har, gustatu zaie ibilbide aldaketa, nahiz eta aldapa gehiago izan dituzten, desnibel positibo gehiagorekin. 
Dena den, Boulevardean dena zen emozioa eta zirrara. Batzuek helmuga zeharkatu orduko kronoari begiratu eta barre egin edo muturra jartzen zuten, denbora ona edo kaxkarra egin izanaren ondorioz; beste batzuei bost axola denborak, gozatzera mugatu dira, urrats bakoitza azkena balitz bezala bizitzera.
Proba amaituta, denek azpimarratu dute publiko gipuzkoarrak emandako babesa eta berotasuna Donostiako helmugan.

Herritarren lana
Gizonezkoen artetik, Raul Gomez Margallo izan da herritarrik azkarrena, 61. postuan helmugaratu da, 1:09:41eko denborarekin. Haren atzetik, David Martin txapeldun handia, entrenamenduak lasaiago hartuagatik, oraindik ordubete eta hamar minutuko langa jaisteko ahalmena duela erakutsi du 1:09:43 eginda. Podiuma Raul Tejadok osatu du, 1:10:02 denbora krudelarekin, bi segundo izan ditu soberan ordubete eta 10 minututik jaisteko. Halakoa da batzuetan atletismoa.
Emakumezkoei dagokienez, Naiara Mendiluce izan da azkarrena, bere kategoriako 224. postuan, 1:36:07ko denborarekin. Bigarren Maite Salazarrek egin du 1:41:22ko markarekin eta herriko hirugarren Idoia Telleria izan zen, 1:42:12rekin.

Behobia Gaztea
Bestalde, helduen lasterketaren aurretik, aurten lehenengo aldiz egin dute 4,5 kilometroko Behobia Gaztea. Herrera auzotik aterata, Boulevardeko helmugarainoko bidea egin dute atleta kadete, jubenil eta juniorrek, tartean, LOKEko zenbait neska-mutilek ere jantzi zituzten zapatilak.
Gainera, larunbat arratsaldean ohi bezala, Behobia Txikiaren 8. edizioa egin zuten korrikalari gaztetxoenek Anoetako Estadio Txikian.
Horixe baita, Behobia-Donostia lasterketa, euskal atletismoaren festa handia.

Lasarteoriatarren sailkapena