Intzak mailari eutsi dio, ozta-ozta

jon-altuna-egitegi 2014ko azaroaren 8a

Gipuzkoako II. mailako azken jardunaldia jokatu dute gaur arratsaldean Intzako jubenil eta seniorrek Michelingo pilotalekuan. Helduen kategorian, Intza KEk maila mantendu du Hernaniri 22-15 irabazita. Iaz ere azken jardunaldian lortu zuten salbazioa, berdinketa hirukoitz batekin, eta aurten, bigarren urtez jarraian, azken orduan egin dituzte etxeko-lanak, arrisku gehitxo hartuta.

Eskerrak Igeldok 22-21 irabazi zuela Eskoriatzaren aurkako partida. Horrek azken jardunaldian salbazioa lortzeko aukera ematen zien lasarteoriatarrei, beheko zuloan borrokan ari zen Eskoriatzak estropezu egin zuelako igeldoarren aurkakoan. Eta herritarrek ez dute hutsik egin.
Partidari urduri ekin diote Intzakoek, bereziki Aritz Solano atzelariak. Hernaniarrak 7-1 aurreratu dira konturatzerako, baina gero 10-9raino berdindu dute norgehiagoka Intzako jokalariek. Hortik aurrera, 10 tanto erreskadan egin ostean, 18-10 jarri dira aurretik lasarteoriatarrak.
Pixkanaka, Solano atzeko koadroetatik pilota sendoago astintzen hasi da eta Artetxe aurrelariak ez du barkatu aurrean.
"Bagenekien irabazteko moduko partida zela, bikote hobea geneukala, baina ezin okerrago kantxaratu gara, eskerrak buelta eman diogun", esan du Jose Felix Solano entrenatzaileak.

Finalaurrekoetatik kanpo
Jubenilek berriz, 22-9 galdu dute Hernaniren aurka. Intzako Sarasola eta Aranberri bikoteak ezin izan du ezertxo ere egin Pagola eta Urruzola hernaniarren nagusitasunaren aurrean. "Hamargarren tantora arte eutsi diegu, hortik aurrera beraiek dominatu dute partida, hobeak izan dira eta ezin zaie ezer leporatu gure mutilei, primerako neurketak jokatu dituzte azken sailkapenean hirugarren egiteko", adierazi du Solano Intzako prestatzaileak.
Orain, abenduaren bigarren asteburuan trinkete denboraldiari ekingo diote Intzako mutilek.

Egia eta Diario Vasco
Bestalde, Axier Arteaga eta Mikel Elola herritarrek galdu egin zuten joan den asteartean Egiako Txapelketako finalaurrekoa. Santxo eta Gorrotxategi garaile izan ziren Donostian jokatutako partidan, eta Intza KEko pilotariek 12-22 galdu zuten.
Usurbilgo Xabier Santxo aurrelaria fin ibili zen sakean, indartsu jarri zuen pilota jokoan eta Hernaniko Gorrotxategi nagusi izan zen atzeko koadroetan.
Diario Vasco Txapelketan ere porrotaren garratza dastatzea egokitu zitzaion atzo Axier Arteaga pilotari gazteari. Etxeberriarekin bikotea osatuz, kanporatua izan zen final-laurdenetan, Bergaran, Elordui eta Martinezen aurka 22-9 galdu ostean.