Eguraldiaren inguruan kezkatxoa egon bazegoen ere, ateri iraun du larunbat goizak. Lainotsu bai, baina euri tantarik ez dute izan nekazariek. Horrek jakina, jendearen animoa piztu eta erosketa poltsak hartuta, postuz postu ibili dira herritarrak, Okendo plazan.
Txerrikiek izan dute arrakasta gehien, baserriko ogia, pastak eta etxean egindako postreekin batera. Produktu horiez gain, barazkiak, ahutz-gazta, ardi-gazta, behi-esnekiak etab. jarri dituzte salgai, kalitatezko produktuak zuzen-zuzenean baserrietako lurretatik herriko etxeetara.
Gustura ziren kontsumitzaileak: "luxua da halako produktuak plazan eskuragarri izatea, garaian garaiko produktuak dira, kalitatezkoak eta gainera lehenengo sektoreari bultzada emateko balio badu, primeran", adierazi du postuz postu erosketak egiten ari zen gizon batek.
Saltzaileek ere kontent hitz egin dute azoka ixtear zela: "Goizean goizetik ibili da jendea hara eta hona, tantaka bada ere. Eguerditik aurrera gorakada nabaritu dugu eta esan daiteke oro har erritmo onean saldu dugula".
Guraso eta aiton-amonek erosketak egiten zituzten bitartean, gaztetxoenek Udaletxe azpiko arkupeetako jolasak izan dituzte aukeran, bola-jokoa, eraikuntzak, arrantza... primeran pasatu dute guztiek plazan.
Azken finean, antolatzaileek nahi zuten bezala, baserriko produktuak sustatu eta herritarrei nekazarien lana gerturatzeko primerako aukera izan da larunbat goizekoa.
Izan ere, Udalak azaldu moduan, bi urte atzera egindako analisi sozioekonomikoan ikusi zuten tokiko merkataritzak garrantzia berezia zuela herrian, baina lehen sektorearen jarduera asko murriztu zela. Halako azoketan jendetza biltzen da ordea, produktu onenen bila.