Bertso-desafioak antolatu ditu Earra!-k

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 7a

Tolosaldeko Harituz eta Lasarte-Oriako Earra! bertso-eskolek desafioa dute gaur Jalgin. Gaueko 22:30etik aurrera herriko Ane Labaka, Asier Azpiroz eta Beñat Iguaran Tolosaldeko Unai Mendizabal, Imanol Irazustabarrena eta Iñigo Gorostarzuren aurka arituko dira bertsotan. Doan izango da saioa eta antolatzaileen asmoa herriko bertso-eskola “indartu” eta bertsolari gazteei “bestelako plaza batean” bertsotan egiteko aukera ematea da. Saio arina izango da, umoretsua eta publiko guztiei zuzendutakoa, gazte jendeari bereziki.

Duela bospasei urte, GR izeneko bertso-desafioak egiten zituzten herrien artean. Gipuzkoako txoko ezberdinetako bertso-eskolek elkarren aurkako saioak prestatu eta ikus-entzuleak hara eta hona ibiltzen ziren bateko eta besteko saioak entzuteko. 

Azken urteotan ez da halakorik egin, eta herritarrek gogoz hartzen zutela ikusita, Lasarte-Oriako Earra! Bertso-eskolak hilabete hasierako lehenengo ostiraletan desafioak berriro antolatzeari ekin dio. Oraingoz lau saio ditu finkatuta, hilabete bakoitzeko lehenengo ostiraletan.

Lehen desafioa gaur bertan izango da, Jalgi Kafe antzokian gaueko 22:30etik aurrera. Tolosaldeko Harituz eta Lasarte-Oriako Earra! dira nor baino nor arituko diren bi bertso eskolak.

Herritarren hamaikakoa Beñat Iguaranek, Asier Azpirozek eta Ane Labakak osatuko dute; tolosarrena Unai Mendizabalek, Imanol Irazustabarrenak eta Iñigo Gorostarzuk. Desafioa amaituta, entzuleek egingo dituzte epaile lanak garailea zein den erabakitzeko.

Datozen saioak Hernaniko (abenduaren 5ean), Andoaingo (urtarrilaren 16an) eta Azpeitia, Errezil eta Azkoitiko (otsailaren 6an) bertso-eskolen aurka izango dira.
 

Helburuak
Ane Labaka Earra! Bertso-eskolako kideak azaldu duenez, saio hauen asmoa bikoitza da: “Batetik, Lasarte-Oriako bertso eskola indartu egin nahi dugu eta bestetik, inguruko herrietako jendearekin eta bertsolariekin harremanak estutzeko modu bat da”. Bertso-saio arinak izango dira, erritmo handikoak eta umorerik ziur ez dela faltako. Horregatik uste du Labakak gazte jendearentzat ostiral gauerako “plan erakargarria” izan daitekeela.

Gainera, bertsolarientzat eurentzat “plaza berri bat” zabaltzeko aukera aparta iruditzen zaio Earra! bertso eskolari, “harremanetan jarri garen herri guztiek berehala eman digute baietza, mikrofono aurrean jartzeko gogoz gaude denok”, adierazi du Labakak.

GR bidea jarraituz
Iraganean, ohikoak izaten ziren Zabaleta auzoan edota Jalgi Kafe antzokian GR ber-tso-bideko saioak. Desafio berezi hauek 2003an hasi ziren GR4 izenarekin, eta 2008ra arte iraun zuten. GR16 izan zen azken ekitaldiaren izena, denera Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Lapurdiko 16 herrik parte-hartu zutelako. 50 saio eta finala jokatu ziren 2008ko udazkenera bitartean. 

Helburua, oraingoaren berbera zen hein batean, plaza gutxi egiten dituzten bertsolariei kantatzeko aukera ematea. Bide eta asmo horri jarraituz, GRa eskala txikian berreskuratu du Earra! Bertso-eskolak.

Eskolaren egoera
Earra! bertso-eskolan bost lagun biltzen dira astero. Gainera, 15-16 urteko gaztetxo batzuekin ere saioa egiten dute. “Egia da ez garela astero lagun asko biltzen, baina uste dut herrian bertsozaletasuna badagoela, Earra!-ren inguruan sare bat sortu dugu eta oso aberatsa da zenbat gauza egin diren ikustea, aurrerantzean ere gehiago egiteko asmoz gaude”, adierazi du Labakak.

Txapelketaren harra
Bestalde, Gipuzkoako Txapelketa ere hurbiltzen ari da pixkanaka, datorren urtean egingo da probintziako lehiaketa garrantzitsuena eta beti pizten da halako har berezi bat bertsolari guztien barnean. Gaurkoaren gisako saioak beraz, aukera aparta dira gazteentzat, pixkanaka doinu eta errimen bilaketan trebatzen hasteko.