Urteko bi partidu garrantzitsuenetakoak jokatuko ditu Intza KE-k larunbatean Michelingo pilotalekuan. Senior eta jubenil mailako mutilek tentsio handiko norgehiagokak jokatiko dituzte, binaka.
Jubenilen bigarren mailan, herritarrek Hernaniren aurka jokatuko dute, sailkapenean bigarren doan taldearen aurka hain zuzen. Irabaziz gero bigarren postuan kokatuko lirateke lasarteoriatarrak Hernaniri aurrea hartuta eta finalaurrekoak jokatzeko txartela eskuratuko lukete.
Printzipioz, hernaniarren bikotea indartsuagoa da, baina Intzako mutilak euren aukeretan sinetsi eta sorpresa ematen saiatuko dira. Lan horretan Eneko Sarasola, Jagoba Mendizabal eta Jon Aranberri gazteak arituko dira. Hiru horiek izan dira ligan parte-hartu dutenak eta azken momentuan erabakiko du Jose Felix Solano presta-tzaileak nork jokatuko duen.
Seniorrak kinka larrian
Jon Pello Artetxe eta Aritz Solanok berriz, hil ala biziko partida jokatuko dute Michelinen bertan.
Gipuzkoako II. Mailako azken jardunaldian Hernani hartuko dute, matematikoki jaitsita dagoen taldea da bizilagunena, baina Intzak garaipena behar du mailari eusteko promozioa jokatu nahi ez badu. Halere, irabaztearekin soilik ez du nahikoa, beste emaitza bat jarraitu beharko du emozioz beteriko azken jardunaldian: “Garaipena behar dugu, oso garrantzitsua da jaitsiera saihesteko, dena den, irabazita ere Igeldo eta Eskoriatzaren arteko partidako emaitzari begiratu beharko diogu matematikoki salbatzen ote garen jakiteko”, adierazi du Jose Felix Solano Intzako entrenatzaileak.
Izan ere, Eskoriatzak irabazten badu, ez dago zereginik. Herritarrek jaitsiera ekiditeko promozioa jokatuko beharko lukete bai ala bai. Kontran, Igeldok irabaziz gero eta herritarrak ere 22ra ailegatzen badira, libre izango dira eta datorren denboraldian ere Gipuzkoako II. mailan jokatuko dute.
Beraz, bihar arratsaldeko 16:00etatik aurrera herriko pilotazaleek hitzordu garrantzitsua dute Michelinen herriko jubenil eta seniorrak aupatzeko. Ba-tzuek goiko postuengatik egingo dute borrokan, besteek mailaz ez jaisteko.