Agortu egin dira Gure Esku Dagoren mosaikorako txartelak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 7a

Zurriolako hondartzan bihar 11:00etan aterkiekin osatu beharreko mosaikorako txartelak bukatuta daude. Antolakuntzak 8.000 lagun lortu dituela jakinarazi du bart gauean, "aurreikuspen guztiak" gaindituta. Berez, 5.000 lagun behar zituen biharko mosaikorako eta plaza guztiak bete direla eman dute aditzera.

Mosaikoaren diseinua handitu egin dute orain arte izena eman duten guztiek parte-hartzeko: "datu hauek ikusita ordea, mosaikoa zena mobilizazio erraldoi bilakatzeko aukera bikaina datorkigu orain", esan du antolakuntzak.

Horregatik, bihar Zurriolan erabakitzeko eskubidearen aldeko "beste mugarri bat" jarri nahi du Gure Esku Dago ekimenak eta herritar guztiak gonbidatu dituzte 11:00etan Zurriola ingurura gerturatzeko, aterki koloretsuak eskutan.