2015eko udal tasetan %0,7ko igoera izango da

Txintxarri Aldizkaria 2014ko aza. 6a, 18:10
2015erako ordenantzen onarpena aurkezteko agerraldia egin dute gaur alkateak eta Gorka Lizarraga zinegotziak. Tasa guztietan eragina izango duen neurri nagusia hurrengo urteko KPI-aren aurreikuspenean oinarrituta ezarriko den igoera orokorra izango da %0,7koa hain zuzen ere. Honekin batera, kezka azaldu dute astearteko bilkuran gertatutakoaren aurrean.

Gorka Lizarragak aipatu duenez, “astearteko Udalbatzarraren ondoren Udal gobernutik beharrezkoa ikusten genuen agerraldi bat burutzea herritarrei hurrengo urteari begira ordenantza fiskalean izango dituzten aldaketa nagusiak behar bezala azaltzeko. Ordenantza horrek hurrengo 2015 urtean zehar Udalak ezarriko dituen tasa, hobari eta salbuespenak arautuko dituelako”.

Udal tasa guztietan eragina izango duen neurria KPI-aren aurreikuspenean oinarrituta ezarriko den igoera orokorra izango da %0,7. Beraz, Ura, zaborra, badoak, eta abarren prezioek igoera hori izango dute.

Bestetik, Kultura, Gazteria eta Emakumearen zentroko ikastaroen tasa guztiak orain artekoak izaten jarraituko dute eta ez da formulatze berririk aplikatuko.

“Aurten egin diren aldaketa garrantzitsuenak arlo sozioekonomikoan eragitera zuzenduak daude, jarduera ekonomikoak sustatzera begira eta krisiaren ondorioak urritzeko helburuarekin” azpimarratu du Lizarragak.

Alde batetik, sortu berriak diren enpresa txikientzako salbuespen eta hobariak izango dira ura, zaborra eta badoak ordaintzerako orduan. Era horretan lehengo urtean %100eko salbuespena izango dute, bigarren urtean %75eko hobaria eta azkenik hirugarren urtean %25ekoa.

Lanerako ibilgailuetan (autobus, kamioi, banaketa furgoneta edo atoietan) zirkulazio zergak %5eko jaitsiera izango du ere. Asteazkeneko azokan parte hartzen duten postuentzat tasak izoztuko dira hurrengo urtean ere.

Bestalde, %50eko errekargua onartu da etxebizitza hutsentzat. “Gaur egun daudenak mugiarazteko eta alokairua sustatzeko helburuarekin”. Kasu honetan etxebizitza hutsen inguruko ordenantza bat egin beharko da eta bitartean ezingo da indarrean sartu neurria.

“Manuel Lekuona Kultur etxeko auditorioa erabiltzeko tasak teknikoen gastuak aurreikusten dituzte eta orduka kobratzen da”. Kasu honetan herriko elkarteen ekintzailetasuna sustatzeko %50eko hobaria ezarriko da.

“Udalerriko gainontzeko elkarteen moduan” alderdi politikoek ere Udal aretoak eta zoru publikoa erabiltzeko aukera izango dute ordainketarik egin gabe. “Neurri honek alderdi politiko txiki eta sortu berriei elkartzeko edo beraien hitzaldi nahiz aurkezpenak egiteko orain artean ezartzen zitzaien zailtasun ekonomikoa ezeztatzen du”.

“Kezka” udalbatzarrean jazotakoarekin

Udal gobernutik “benetan arduratuak gaude astearteko Udalbatzarrean jazotako gertaerekin eta gure ustetan zenbait alderdi politikok erakutsitako jarrera ez da onargarria elkar errespetua eta  elkar ulermena beharrezkoak diren baloreak baitira” esan du Lizarragak.

Agerraldian azaldu dutenez, “Udal gobernuak ordenantza fiskalen prozesuan bere interesak defendatzeko akordioak bilatzen saiatu da eta  negoziazioen bitartez gehiengoak osatu ditu. Modu horretan, PP, PSE eta EAJ-ren interesen aurka  hainbat emendakin onartu ahal izan dira Udalbatzarreko bozketetan”.

PSE-EEk momentu hauetan 5 zinegotzi dituela aipatu dute, “hasieran zituenak baina bi gutxiago eta horrek udalbatzarrean bere indarraren galera suposatu du. Gainera, ordenantza hauetan Marisa Zubiri PSEko kide ohiak hainbat emendakinetan Bilduren ezkerreko irizpideekin bat egin du.

Hori dela eta, PSEko ordezkari batzuek Marisaren aurkako jarrera agertu zuten Udalbatzarrean eta gure ustetan jarrera onartezina erakutsi zuten. Udaleko zinegotzi hau iraindu, mespretxatu, eta gutxietsi egin zuten zutik jarriz eta ohiu eginez gainontzeko udal ordezkarion harridurarako”.

Argitu nahi izan dute hain zuzen hori izan zela, alkateak Lurdes Acevedo kalera bidali izanaren arrazoia “eta ondoren PSE eta PPko kideak jarrera hau ezkutatu nahi izan dute. Gure ustetan lotsagarria eta iraingarria ondoren alkatearen aurka esandakoak ikusita”.

Udaleko alderdi guztiei “errespetuan oinarrituriko bizikidetza aurrera emateko eskaera” egin nahi izan dute, “alderdi politikooi dagokigun bezala, negoziazio eta akordioetan oinarriturik herritarren mesedetan lan egiteko konpromisoa dugula uste baitugu”.