2015eko Ordenantza Fiskalak onartu dira, eztabaida handiarekin

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 4a

Lau gaik osatu dute gaurko ezohiko udalbatzarraren zerrenda. Lehen hiruak azkar eta lasai antzean onartu dituzte alderdi politikoek, baina laugarrenarekin piztu da eztabaida: lehengo astean onartutako zirriborroari alderdi desberdinek jarritako emendakinekin. Eztabaida gero eta sutsuagoa piztu da pleno aretoan, eta PSE-EE eta PP joan egin dira. Ezohiko udalbatzarrak jarraitu egin du ordea, eta azkenean onartuak izan dira 2015ko Ordenantza fiskalak, aldeko zortzi bozka eta 2 abstentziorekin.

Taxien 2015. urterako hiritar tarifak aho batez onartu dituzte alderdi politikoek. Hori izan da denen arteko adostasuna islatu duen puntu bakarra. Bigarren eta hirugarren puntuak ere aurrera atera dira (dossier batzuei buruzkoak izan dira biak), baina ez dira aho batez onartu. Hala ere, ordura arte, apenas egon da eztabaidarik alderdi politikoen artean.

Gai zerrendako laugarren puntuak eragin ditu desadostasunak alderdien artean. 25 emendakin aurkeztu dituzte alderdi politikoek 2015eko Ordenantza Fiskalen zirriborroaren gainean. Onartuak izan dira batzuk eta bertan behera geratu dira beste batzuk, baina ia guztiek eragin dituzte liskarrak pleno aretora joan diren politikarien artean.

Emendakin garrantzitsuenak

EH Bilduk aurkeztutako emendakin bat zegoen zerrendako lehen postuan: KPIa izoztea planteatu du koalizioak, kutxazain automatikoei ezartzen zaiena izan ezik. Bozkatu aurretik zinegotziek azalpenak emateko aukera izan dute. PPko Vanessa Velezek hasi du erronda: "Guk egin genuen kongelazio horren alde duela bi hilabeteko Ogasun batzordean, eta EH Bilduk aurka bozkatu zuen. Orain aldiz, emendakin hau aurkezten dute. Ez gaude ados alderdi horrek erakutsitako jarrerarekin". EAJ bozeramaile Estitxu Alkortak eta PSE-EEko Jesus Zaballosek gauza bera leporatu diote koalizioari. Bozketa egin dute ondoren; ez dute onartu EH Bilduren proposamena. Bost aldeko bozka jaso ditu proposamenak eta aurkako hamaika.

Eztabaida sortu du baita ere EH Bilduk aurkeztutako beste emendakin batek, ondasun higiezinek etxebizitza erabilera dutenean eta subjektu pasiboaren ohiko egoitza ez direnean ezarri beharreko errekargoari buruzko batek. %50ekoa ezartzea proposatu du koalizioak. Horren aurrean disposizio adizional bat ezartzeko proposamena egin du Estitxu Alkortak, esanez "udaletxeak erregulatu" behar duela hori, "ordenantza bidez". PSEk eta PPk bat egin dute horrekin, eta azkenean onartu da EH Bilduren emendakina, baina EAJk aurkeztutako disposizioarekin batera. 

Bozketa polemikoak

Haserretu egin dira PSE, EAJ eta PP zenbait emendakin bozkatzerako orduan. "Duela bi hilabete jarrera bat azaldu zuten EH Bilduk, LOHPek eta adskribatu gabeko Marisa Zubirik, baina gaurko plenoan aldatu egin dute", salatu du Estitxu Alkortak. Emendakin guztien zerrenda banatu dute udalbatzarraren hasieran; bertan ere agertzen zen alderdi bakoitzak zer bozkatu zuen batzordean. Gaurko udalbatzarrean ordea, bozketa horietako batzuk aldatu egin dira.

Zazpigarren emendakinean gertatu da hori, esaterako. Kultura, Gazteria eta Emakumeen zentroaren ikastaroaren prezioak ez igotzeari buruzko proposamena egin du EH Bilduk. Batzordean abstenitu egin zen LOHP, baina gaurko udalbatzarrean alde bozkatu du. Horrek aldeko eta aurkako bozken arteko berdinketa eragin du (8 eta 8); azkenean, alkatearen kalitatezko botoaren bidez izan da onartua emendakin hori. 

Bereziki haserre agertu da EAJko Estitxu Alkorta, kontu horrekin. Ogasun batzordeko burua ere bada Alkorta, eta salatu du EH Bilduk ez duela batzordean emandako hitza bete: "EH Bilduk eskatu zigun alderdi politiko guztiei errespetatzeko batzordean hartu ziren akordioak. Hori bai, gaurkoan konturatu gara hori eskatu duela ados dagoen puntuekin bakarrik. Lehengo urtean lortu ez zituen hainbat gauza ekarri ditu berriro udalbatzarrera, emendakinen bitartez". 

EH Bilduk bere jarrera defendatu du. Gorka Lizarraga zinegotziak egin ditu bozeramaile lanak: "5 zinegotzi ditugu guk, eta gure alderdiaren interesak defendatzeko gehiengoa lortzen saiatu behar dugu. Zilegia da beste alderdi batzuekin negoziazio politikoa egitea, guri interesatzen zaizkigun emendakinak aurrera eramaten saiatzeko". Alkortak onartu du "erabat zilegia" dela negoziazio politikoa burutzea, baina gaineratu du ez lukeela parte-hartze prozesu bat martxan jarriko Ogasun batzordeak alderdien arteko adostasuna bilatzeko: "Zuzen-zuzenean zirriborro bat ekarriko genuke guri alderdi bezala interesatzen zaizkigun gauzekin". 

Beste emendakin batzuetan ere bozka aldatu dute LOHP eta adskribatu gabeko Marisa Zubirik. Abstentzioaren alde agertu ziren batzordean, baina Bilduren emendakin batzuen alde bozkatu dute gaurko plenoan. Hala gertatu da herriko elkarte eta alderdi politiko guztiei ("handiei eta txikiei") euren jarduera egiteagatik ez kobratzean eta ikastaroen prezioak ez igotzean, enpresa berriei hobariak kentzean ibilgailuak sartzeko edo aparkatzeko proposamenetan. Beste batzuetan ordea, 8. emendakinean kasu, alderdiek batzordean erakutsitako jarrera mantendu dute.

Behin eta berriz onartu du Alkortak "zilegia" dela alderdien arteko negoziazio politikoa egitea, baina hori kontuan hartuta uste du "alfer-alferrik" jarri zuela martxan Ogasun batzordeak parte-hartze prozesua. 

Pleno aretotik irten dira PSE eta PP

Alderdi politikoek eztabaidan jarraitu dute, baina zerrendako 17. emendakina iritsi denean pleno aretotik irten dira PSE eta PP. Ibilgailuak sartzeko edo aparkatzeko enpresa berriei hobariak kentzea proposatu du EH Bilduk, eta bozkatzerako orduan sortu da liskarra. EH Bilduk, LOHPek eta adskribatu gabeko Marisa Zubirik bozkatu dute emendakinaren alde, eta PSEk, EAJk eta PPk aurka. PP eta PSEko zinegotziak kexatu egin dira LOHP eta Zubiriren iritzi aldaketaz, batzordean abstenitu egin baitziren.

Salaketa horien aurrean, Zubirik hitz egiteko txanda eskatu du bere bozkaren azalpena emateko. Adskribatu gabeko zinegotziak hitz egin du, baina ez zegokion emendakinaren aurrean emandako bozka azaltzeko, baizik eta argi uzteko bera ez dela alderdi politiko bateko kide, eta "nahi duena" egin dezakeela bere bozka emateko eskubidearekin.

Zubiriren hitzak entzutean, sutu egin dira PSE eta PPko zinegotziak, eta pleno aretoa uztea erabaki dute, Pablo Barrio alkatearekiko eta Zubiri zinegotziarekiko jarrera gogorra erakutsiz. Alkateari leporatu diote ez dituela berdin tratatzen alderdi eta zinegotzi guztiak: "Botoaren azalpena ematerako orduan azkar kentzen diguzu hitza zenbait zinegotziri, baina oraingo honetan ez duzu egin, zinegotzi horren botoa behar duzulako emendakina aurrera ateratzeko", salatu du PSEko Jesus Zaballosek. PPko Vanessa Velez ere joan egin da pleno aretotik, PSEren bost zinegotziekin batera.

Ezohiko udalbatzarra, aurrera

Sei zinegotzi horiek pleno aretoa utzi eta berehala Estitxu Alkortak planteatu du "bertan behera" uztea udalbatzarra: "PSE eta PPko ordezkarien botorik gabe, aldatu egingo dira bozketak", argudiatu du Alkortak. Eztabaidatzeko falta ziren puntuak aztertu ostean, aldaketa erabakigarririk emango ez zela ondorioztatu dute partaideek, eta aurrera jarraitu dute emendakinen zerrendarekin. Onartuak izan dira eztabaidatzeke zeuden proposamen guztiak.

Emendakinak aztertu ostean, 2015ko Ordenantza Fiskalen testua bozkatu dute udalbatzarrean zeuden zinegotziek. Onartua izan da, zazpi aldeko bozkarekin (EH Bildu eta LOHP) eta bi abstentziorekin (EAJ). Marisa Zubirik bozketa hori egin baino lehen pleno aretotik joan egin da. Bozkatu ostean, EAJk eta EH Bilduk azalpenak eman dituzte, Estitxu Alkortaren eta Gorka Lizarragaren ahotan.

EH Bilduren balorazioa

Onartutako Ordenantza Fiskalen testua “onargarria” dela esan du Bilduko Gorka Lizarragak, emendakin batzuk aurrera ateratzea lortu dutelako “gehiengoa baliagarri eginez”. Joko politiko guztietan gertatzen den bezala, beraien interesen alde egin dutela adierazi dute: “Libre gara nahi ditugun emendakinak eta negoziazioak egiteko”.

Onartutako emendakinen artean garrantzia berezia eman diote emakumeen zentroko ikastaroen prezioa ez igotzeari eta elkarte eta alderdi politiko txikiek euren jarduerak egiteagatik ordaindu behar ez izateari. Gorka Lizarragak argudiatu du elkarteak direla “herriko aberastasun handienak”, eta horregatik eman behar diela babesa Udalak.

EAJ, haserre

Ezohiko udalbatzarra amaituta, EAJk azalpen batzuk eman nahi izan ditu gaurko plenoan gertatuaren inguruan. Argi utzi nahi izan dute tasen %0,7ko igoera orokorra (KPIaren igoera) “Alberdi politiko guztiek” adostua izan zela eta Ogasun Batzordean bozkatua duela bi hilabete, Bilduren aldeko bozkarekin.

Gainera, “zerbitzuen defizita murriztea, ekonomia lokala sustatzea, laguntza behar duten taldeak babestea eta egun indarrean dagoen bonifikazio sistema mantentzen saiatzea” izan da EAJren nahia, alderdi guztien parte-hartzearekin idatzitako lerro nagusien arabera. Helburua, Ordenantza Fiskalen “zirriborro adostua” lortzea zen Estitxu Alkortaren hitzetan eta alderdi politikoek Udaletxeko teknikoekin elkarlanean aritzeko prestutasuna agertu zutela gogoratu du.

Zentzu horretan, Bilduren jarrera salatu du: “Hasierako adostasun horretaz aprobetxatu da Bildu, azken orduan emendakinak hitzartu ditu beste alderdiekin, guri halakorik ez egiteko eskatu zigunean. Egin dutena zilegi den arren, beste behin ikusi dugu Bilduk ez duela emandako hitza bete, gainontzekook prozesu guztia errespetatu dugun bitartean, horregatik abstenitu gara Ordenantza Fiskalen bozketan; ezin genuen kontra bozkatu, onartutako puntu batzuk garrantzitsuak direlako Udalerriarentzat”, adierazi du Alkortak.

Bilduk halako jarrera hartuko zuela jakin izan balute, ez zuketela parte-hartze prozesu irekirik martxan jarriko esanez amaitu du Estitxu Alkorta Ogasun batzordeko buruak.