Aitor Otamendik New Yorkeko maratoia egin du, 3:15eko denborarekin

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 3a

Pozarren zen herritarra atzo, munduko lasterketa famatuena eta jendetsuena amaitu berritan. Denera 50.000 lasterkari irten ziren AEBtako hiri ezaguneneko kale eta auzoak zeharkatzeko zapatilak estu lotuta eta herritarrak 1.946. postuan zeharkatu zuen Central Parkeko helmuga.

Hotzari aurre egiteko toaila gainean eta irribarre handi batekin adierazpen hauek egin zituen helmugan: “Goizean-goiz jaiki, autobusean sartu eta Staten Islandeko irteera-lerrora hurbildu naiz. Abiatzeko ordua iritsi zaidan arte, luze egin zait egonaldia, sekulako hotza egiten zuen (8ºC) eta geldirik egoteak ez dit lagundu. Behin korrika hasita asko gozatu dut, lasterketa gogorra da, baina izugarri polita. Gehien harritu nauena jendearen babesa eta animoak izan dira. Bukaera amaiezina egin zait, baina etxekoen animoei esker denbora polita egin dut. Oso-oso pozik nago, merezi izan dute hilabete hauetako entrenamendu guztiek eta gaurko sufrimenduak. Orain hiriaz gozatzera goaz!”.
Bihar itzuliko da New Yorketik eta igandean Behobia-Donostia lasterketa egingo du.