Lau pertsona atxilotu dituzte lesio delituengatik, taberna batean borroka egin ondoren

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 3a

Hernaniko ertzain-etxeko agenteek 22 eta 32 urte arteko lau gizon atxilotu dituzte gaur goizaldean taberna batean, borroka batean parte hartu ondoren. Borrokan, bi lagun zauritu dira, eta horietako bat ospitalera eraman behar izan dute. Dirudienez, atxilotuek apurtutako beirazko botilak erabili dituzte arma moduan, eta ertzainei aurre egin diete.

Ertzainak jakitera eman duenez, goizaldeko ordu biak inguru, Lasarte-Oriako taberna batean borroka bat izan da hamar bat lagunen artean. Lekukoen arabera, partaideetako batzuek hautsitako botilak erabili dituzte arma gisa eta bi lagunek ebakiak zituzten eta odoletan zeuden.

Bertaratutako ertzainek borrokan ari zirenak aldentzen ikusi dituzte: batzuk odola zuten aurpegian eta beste batzuk beirazko botilak zituzten eskuan. Ertzainek identifikatzeko eskatu diete lau gizoni baina haiek aurre egin diete eta gainera etorri zaizkie botilekin, min emateko asmoz.

Patruilako bi ertzainek erasotzaileetako bi beheratu dituzte, lurrean borrokan aritu ondoren. Laguntzera gerturatu den beste patruila batek beste bi erasotzaileak beheratu ditu. Hala, lau gizon atxilotu dituzte, eta bina delitu egotzi dizkiete: arma zuriarekin lesioak eragitea eta agintaritzaren agenteen kontra atentatzea.

Bestalde, bi zaurituek atxilotuak erasoaren egile gisa identifikatu dituzte. Zaurituak sendatzeko osasun-langileak joan dira lekuraino, eta bat ospitalera eraman dute, buruan ebaki sakon bat zuelako.

Atxilotutako gizonak 22, 24, 25 eta 32 urte dituzte, eta ertzain-etxera eraman dituzte.