Amaitu dugu bidea, berri bat hasteko

jon-altuna-egitegi 2014ko urriaren 26a

Jon Altuna Egitegi Txintxarriko kazetariak Lasarte-Oria Bai! krosean bizitako abenturak eta kalenturak kontatu dizkigu bigarren urtez jarraian, barru-barrutik. Lasterketa aurreko, lasterketa osteko eta lasterketa bertako bizipenak idatzi ditu LOKEko atletak. Aurten agur batekin gainera.

Bueno ba. Hemen gaude bigarren urtez krosaren abenturak eta kalenturak zuei kontatu asmoz. Iaz batzuek gogoratuko duzue nire gurutzebidea, hego-haize malapartatu hura eta kamiseta laranjeko laguna. Ba aurtengoan denbora antzekoa egin badut ere, sentsazioak oso bestelakoak izan dira, eta azkenean, emaitzak baino garrantzitsuagoak direnez bizipenak, oso pozik nagoela esan dezaket.

Iazkoarekin alderatuta eguna ezberdin hasi dut. Iaz zazpi terdietan esnatu nintzen umetan Olentzerok opariak pinupean uzten zizkigun goizetan bezala. Aurten ordubete gehiago egin dut lo, eguneko lehenengo erabaki ona.

Iaz te berdea gosaldu nuen. Aurten kafea. Eguneko bigarren erabaki ona. Iaz ogi xigortua olio eta York urdaiazpikoarekin, aurten Kit-Kat eta gailetak. Azukrea alegia, hamar kilometro eta erdi egiteko gorputzarentzat gasolina. Eta nabaritu egin dut.

Berriro gozatzen

Argazkian ageri diren beste hiru lagunekin geratu naiz goizeko 9:45ean, Gaizka eta Itoitz taldekideekin eta Oscar entrenatzailearekin. Beroketa txiki bat eta luzaketa ariketak egin ditugu. Gorputza puntuan jarri eta irteera lerrora hurbildu gara. Aurten ere aurrean kokatu gara, aurreregi egia esan.

Erketzekoen agurra, elbarrien irteera eta pum! Bagoaz. Lehen kilometroan, Urbileko aldapan gehiegi ez betetzen saiatu naiz, ondo noa, kilometroa 3:30 pasatxora. Badakit azkarregi dela, baina egongo da erritmoa jaisteko aukera.

Tajamarreko errotondatik Goiegiko aldapa igotzen ari ginela hasi zaizkit hankak koxkortzen, pisutsu nabari ditut Martin Berasategi parean eta noan taldetxoan jendea fresko nabari dut. Erritmoa jaitsi beharrean naiz. Atzera begiratu dut eta basamortua. “Kaka zaharra”, pentsatu dut nire kolkorako, “Oriarainoko bidea bakarrik egin behar ote dut ba?”, zorionez bi korrikalari gerturatu zaizkit eta bagoaz hirurok Kale Nagusian barrena Oriako gasolindegira arte. Eskertzen da aurtengoan hego-haizerik ez izatea. Nola gainera.

Itota zoazenean, burmuinera ez da oxigeno askorik iristen, baina erregulatzearen garrantziaz akordatu naiz zorionez. Sasoi betean ez nagoela ohartuta, nire buruari esan diot, “Hi, txikito, nora hoa?” eta Oriatik Hipodromo parerainoko kilometroak 4:00tik gora egin ditut, dezente gora. Eta eskerrak, artean hiru kilometro falta zitzaizkidalako helmuga-marra zeharkatzeko.

Tipi-tapa iritsi gara Dana Onako bihurgunera. Urteroko momentu politena. Ziur nago 1000 korrikalarioi oilo-ipurdia jartzen digun unea dela. Jende uholdearen artetik entzun ditut “Aupa Jon!”, “Oso ondo Altuna!”, “segi segi Jon!” eta nire taldekideak bide-bazterrean animoak ematen ikusteak indarberritu egin nau. Mila esker neskak!! Muxu bana!

Bagoaz Zubietara, ez dirudien arren, bideak goruntz egiten du eta geratzen zaidan indar apurra uzteko garaia da. Konturatzerako kilometro eta erdiko azken zuzengunean nago, fresko antzean. Aita ikusi dut konoekin Michelin parean, barre egin diot, iaz ezinezkoa zitzaidan halakorik egitea azken zuzengunean. Michelin pasata aurpegi ona jarri, belaunak igo, bularra atera eta erritmo aldaketa bortitza. Azken 500 metroak minutu eta erdi pasatxoan. Hegan. Horrela amaitu daiteke Lasarte-Oria Bai! krosa. Horrela amaitzeak ez du preziorik.

Azken lasterketa LOKErekin

Entrenamendu sisteman aldaketa bat egin dut iazkoarekin alderatuta. Kilometro gehixeagorekin ailegatu naiz krosera, intentsitate gutxiagorekin egin ditut oro har aurtengo entrenamenduak, urteko helburuak urrun (oso urrun) daudenaren jakitun.

Nire espezialitatea iraupen erdiko 800 metroen proba den arren, herriko krosa sakratua da, eta kuadrilan edo herrian garrantzitsuagoa da krosean denbora txukuna egitea pistako beste edozein lasterketetan maila ona ematea baino.

Argazkian alboan ditudan hiru horientzat ez. Horiek badakite zenbat sufritzen dugun astean bost egunez, zenbat gustatzen zaigun egiten duguna eta zenbat gauza utzi behar izan ditugun alde batera LOKEko atleta izan garen urteotan.

Hasten den guztia amaitzen dela diote ordea. Eta beno, ba amaitu dela gure ibilbidea Lasarte Oria Kirol Elkartean. Datorren urtean beste kamiseta batekin idatziko dut kronika hauxe, Super Amara-Bidasoa Atletiko Taldearenarekin hain zuzen. Irunera goaz Gaizka Ormazabal eta ni neu, Txingudi bailara ederrera, nahiz eta hemen jarraituko dugun entrenatzen.

Eta bestea Itoitz Rodriguez, nazioartean konpetitzera iritsi den atleta puska. Realera doa, Espainiako Ohorezko mailan lehiatzera, dagokion lekura alegia. Entrenatzen ikusten dudan bakoitzero galdetzen diot nire buruari non ote duen muga mutil honek. Noiz joko ote duen sabaia. Ohorea da Gaizka eta niretzat berarekin entrenatzea. Plazerra.

Aukera handia da hirurontzat eta eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen: klubari, Amaia Andres presidente olinpikoari eta LOKEko neska-mutil guztiei. Bereziki Asier Eizagirre taldekide/lagunari (zorionak osaba!) eta Oscar Goikoetxea entrenatzaileari. Txikitik ere gauza handiak egin daitezkeela irakasteagatik.

Eskerrik asko.