PSE-EE: “Ez da murrizketarik egingo Atsobakarreko zaharren egoitzan”

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 27a

Orain arte udaletxeak kudeatu duen arren, Gipuzkoako Foru Aldundiak hartuko du bere gain ardura hori. Akordio batera iritsi ziren lehengo astean PSE-EE eta EH Bildu, Gipuzkoako Batzar Orokorretan. ‘Kabia’ erakundea sortuko dute, Gipuzkoako hainbat egoitza kudeatuko dituena. Lasarte-Oriakoa izango da horietako bat. “Pozik” agertu dira herriko talde sozialistako ordezkariak, zerbitzuak eta langile kopurua ez direlako murriztuko.

Agerraldia egin dute Jesus Zaballos eta Lourdes Acevedo PSE-EEko kideek, Atsobakar zaharren egoitza parean, 12:00etan.

Aspaldiko eskaera

Eusko Jaurlaritzak dekretu bat onartu zuen 2001ean. Dekretu horrek zehazten zuen Jaurlaritzako administrazio bakoitzaren funtzioak zeintzuk ziren. Foru Aldundiei adineko pertsonen egoitzak kudeatzeko ardura eman zitzaien. PSEko bozeramaile Jesus Zaballosek azaldu duenez, dekretu hori ez da bete orain arte: “Urte hauetan guztietan Lasarte-Oriako Udalak kudeatu du Atsobakar, ardura hori hartu behar ez zuenean. Zortzi milioi euro ordaindu ditu udaletxeak, berea ez zen zeregin bat egiteagatik”.

“Herrian oso beharrezkoak diren hainbat inbertsio egiterako orduan faltan bota izan ditugu zortzi milioi euro horiek: errepideak hobetzeko, kaleak garbitzeko eta beste hainbat zerbitzu eskaintzerako orduan”, esan du Zaballosek.

PSEk “hasieratik” eskatu zuen Foru Aldundiak bere gain hartzeko Atsobakar kudeatzeko ardura, Zaballosek zehaztu duenez: “2010ean mozio bat aurkeztu genuen udalbatzarrean, eta 2011n proposamen bat egin genuen: errekurtso administratibo eta judizialak abiaraztea Gipuzkoako Diputazioaren aurka, bere ardura ez betetzeagatik. Zoritxarrez, ez genuen babes nahikoa lortu”.

Murrizketarik gabe

“Udalbatzarrean eskatu eta hiru urtera iritsi da PSEk nahi zuena, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartzea Atsobakar kudeatzeko ardura, 2001eko dekretuan adostu zen bezala”, esan du Zaballosek. “Pozik” agertu dira Zaballos eta Acevedo lehengo astean PSEk eta EH Bilduk egindako akordioarekin: “Eskumen aldaketa sozialistok nahi bezala egingo da; ez da murrizketarik egingo zerbitzuetan eta langile kopuruan”. Aldatuko den gauza bakarra hau izango da: fakturak Gipuzkoako Foru Aldundira joango dira hemendik aurrera, gure udaletxera beharrean”.

Udaletxeak Atsobakar kudeatzeari utziko dionez, datorren urtean 1.200.000 euro aurreztuko ditu, Zaballosek zehaztu duenez. “Udal taldeari eskatzen diogu gure herrian inbertsioak egiteko erabiltzea diru hori. Orain ez dute aitzakiarik aurrekontuetan inbertsio horiek ez sartzeko”, adierazi du PSEren bozeramaileak.