Bigarren aldiz parte-hartze prozesu bat jarri dute martxan eta Udaleko arlo tekniko eta alderdi politiko guztiek proposamenen erredakzioan, lanketan eta bideratze lanetan parte-hartu dute.
Horrela, tasak eta zergak gehienez ere urteko KPIa (%0,7a) igotzea adostu dute gehiengo batez. Gainera, lau helburu jakin betetzeko neurriak hartzea erabaki dute: “Zerbitzuen defizita murriztea, ekonomia lokala sustatzea, laguntza behar duten taldeak babestea eta egun indarrean dagoen bonifikazio sistema mantentzen saiatzea da gure asmoa”, adierazi du Alkortak.
Hori lortzeko, besteak beste, sortu berri diren enpresek zenbait tasetan (ura, zaborrak eta pasabideak) hobariak izatea onartu dute; kamioietan, atoietan eta autobusetan Ibilgailuen Gaineko Zerga %5ean murriztea adostu dute (garraio enpresak Lasarte-Orian kokatu daitezen pizgarri gisa) eta laugarren urtez, IBIa, Ondasun Higiezinei Buruzko Zergaren Tipoa, oso gutxi kargatzea erabaki dute. Berrikuntza gisa, zaborraren tasa kobratzeko epea aldatu egin da, apirilaren 1a eta maiatzaren 15a bitarteko epera aldatu dute herritarrei tasen eta zergen ordainketa erraztu asmoz eta ordaindu beharreko kontzeptu fiskal guztiak epe jakin batean (uztaila hasieran) pilatu ez daitezen. Azkenik, kultur-etxean, Gaztelekuan eta Emakumearen Zentroan ematen diren ikastaroetan Lasarte-Orian erroldatuak direnentzat %40ko hobaria onartu dute eta %75ekoa Gazteriara zuzendutako ikastaroak badira.
Estitxu Alkorta Ogasuneko arduradunak azaldu duenez ordea, aipatutakoak “lerro nagusiak” dira eta "aldaketaren bat" izan daitekeela ohartarazi du: “Hau da onartu dugun zirriborroa, horrek ez du esan nahi emendakinen bitartez zertxobait aldatu ezin daitezkeenik, dena den, bi hilabeteko lanketaren ostean alderdi politiko guztien adostasunarekin onartutako proiektua dela azpimarratu nahiko nuke”.
Datorren asteartean, azaroaren 4an egingo dute ezohiko batzarra eta bertan eztabaidatuko dira proiektua onartu aurreko azken xehetasunak.