Presoen aldeko kartelak “erretiratzeko” eskatu dio PSEk EH Bilduri

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 30a

EH Bilduri eskaera egin dio PSEko bozeramaile Jesus Zaballosek, ohar bidez: “Udal gobernuari eskatzen diogu gure herriko kaleetan dauden presoen aldeko afixak kentzeko”.

“Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia egin zen joan den asteburuan, eta hori baliatuz, ezker abertzaleak presoen aldeko kartelez bete ditu Lasarte-Oriako kaleak. Ez dute elkarbizitza baketsu bat eraiki nahi; horren adibide garbia da hau”, adierazi du Zaballosek oharrean. “Ezker abertzalea ez da aldatu; beti bezain erradikal eta intolerante izaten jarraitzen dute”.

“Kirol ekitaldi garrantzitsu bat politiko bihurtu du EH Bilduk. Era berean, onartezina da guretzat alderdi politiko horretako zinegotzi bat krosean ateratzea presoen aldeko pankarta bat eramanez”, salatu du Zaballosek oharrean.

Zaballosek eskatu dio EH Bilduri erretiratzeko kartel horiek kaleetatik, “herritarren duintasuna errespetatzeko”, baina batez ere herri “garbi eta zaindu” bat edukitzeko.