Gaur epaileak jakitera eman du Ibon Fernandez Iradi herriko presoak martxorarte behintzat espetxean egon beharko duela. Beste mediku azterketa bat eskatu da honen osasun egoeraz sakontzeko. Bi medikuk landuko dute txosten hori; otsailaren 27an aurkeztu beharko dute informea.
Oihu Anizkoitza
Bestalde, “Oihu Anizkoitza” dokumentala aurkeztu zuten astelehenean Manuel Lekuona kultur etxean. Esklerosi anizkoitza du Fernandez Iradik, gaixotasun sendaezin eta degeneratiboa da eta bere egoera islatzeko senideak, abokatuak, Jaiki Hadiko medikuak, gaixotasun bera duten pertsonak eta legelariak agertzen dira ordu erdi irauten duen dokumentalean.
Fernandez Iradik kalean zergatik behar lukeen argudiatzen dute honetan: ospitalera eramateko oztopoak, legearen interpretazioa, esklerosi anizkoitzak sortzen dituen ondorioak, espetxean gaixotasuna artatzeko zailtasun eta ezinezkotasuna... “Ibon maite dugunok” sinatuta doa lana. Urtebetez lanketan aritu direnak ordea Beñat Iriondo, Rosa Ormazabal, Donetz Iradi, Ane Fernandez Iradi, Asier Burgaleta, Oihana Salazar eta Jurdana Anton herritarrak izan dira.
Ekitaldian gogorarazi zuten Ibon Fernandez Iradi ez dela larriki gaixo dagoen preso bakarra. Kasu itzulezinak pairatzen dituzten beste presoen askatasuna ere eskatu zuten bertan bildutakoek eta bihar 20:00etan Okendon egingo den mobilizaziorako deia zabaldu zuten.