Egun osoan hamaika ekintza Euskal Jaian

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 17a

Egun handia izango da biharkoa. Iaz abiatutako bideari jarraiki, Ttakunek herriko beste elkarte eta hainbat eragilerekin batera Euskal Jaia antolatu du bigarrenez. Aurtengo egitaraua zabalagoa izan da eta astean zehar erakusketa eta solasdi batez gozatu ahal izan da. Gaur ere 22:00etan antzezlana izango da Manuel Lekuonan. Bihar berriz, jaia goizeko 9:00etan hasiko da eta goizaldeko ordu txikiak arte iraungo du Okendo plazan. Sustatzaileek herritarrak parte hartzera deitzen dituzte, baita baserritarrez jantzita etxetik ateratzera ere.

Euskal Jaia izango da bihar egun osoan zehar Okendo plazan. Garai batean herrian egiten zen jaia berreskuratu nahi izan zuten iaz Ttakunekin batera hainbat elkarte eta eragilek. Iazko arrakasta ikusita, aurten ere hainbat ekintzekin gozatzeko aukera izango da jai egun honetan. 

Dianarekin esnatuko dira herritarrak goizeko 9etan. Honen ondoren, Oinatz taldeak antolatutako ibilbidea egin ahal izango da herrian zehar. Ibilbide berezia izango da hau, herriko gune jakin batzuetan atzera begira egin eta iraganean bertan zegoezaz mintzatuko dira hainbat herritar, ATCko neskak tartean izango dira. 

Miren Egizabalek egingo ditu gidari lanak eta antola-tzaileek aipatu dutenez ez da aspertzeko tarterik izango. Pasarte ezberdinak laguntzeko, argazki zaharrak ere prestatu dituzte. Ezustekoak izango dira eta haur zein helduak honetan parte hartzera animatzen dituzte. Irteera 9:30ean izango da Okendo bertatik.

Jarraian, 11:30ean plaza girotzen lagunduko dute txalaparta doinuek eta bertsoek. Unai Muñoa eta Patxi Larrañaga arituko dira. 

Okendotik kantu-dantza jira abiatuko da 11:30 aldera herrian zehar, erdigunean eta Jaizkibel plazan geldiuneak egiten. Kantu jira umeen kantekin egingo da hauek ere parte har dezaten, familian gozatzeko ekintza dela azpimarratzen dute antolatzaileek.  

Hau bukatzerako, paella prest egongo da Okendon. Bertan bazkaltzeko, aurrez txartelak hartu behar dira Ttakunen edo Jalgin. 6 eurotan daude salgai eta 200 lagunentzako lekua dago aurreikusia. 
Bazkalostean animazioa egongo da eta 16:00etan hasiko dira jokoak plazan bertan. Saskibaloia, futbola, esku-pilota eta beste herri jolasetan aritzeko parada izango da, lokotxak edota sokatira bezalakoetan. Hauetan edonork parte hartu ahal izango du, haur, gaztetxo zein heldu. 

Okerra harria
Aipatzekoa da iaz ikusmin handia sortu zuen Okerra harria hemen izango dela berriz ere. Hau altxatzen bi   harri-jasotzaile saiatuko dira 17:30 aldera. Iaz Joseba Ostolazak 140,2 kiloko Okerra harria bizkarrean berdintzea lortu zuen. Bost minutuko tartean zazpi aldiz jaso zuen irristakorra eta heldulekurik gabea den harri maltzurra. 30 urteren ostean plazara atera zen berriz iaz Okerra harria eta bertan egon zen Jose Ramon Arteaga, 80ko hamarkadan 10 minutuko tartean sei altxaldi ematera iritsi zen herritarra. Biharkoan Joseba Ostolazak errepikatuko du Okerrarekin eta honekin izango da ere Iban Ugartemendia harrijasotzaile hernialdearra.

Musika eta dantza
Ikuskizunaren ondoren, festak ez du etenik izango. 18:00etan erromeria egingo da Ezten Giro taldearekin. 20:30ean Pintxo potea egiteko aukera izango da Abend, Arkupe, Buenetxea, Galiza, Sancho, Trumoi, Yolanda, Txanpa, Artizar, Gure Etxea, Ilargi, Iñaki, Insausti eta Jalgi tabernetan. 

Festa giroak jarrai dezan, karaokea eta musika izango dira nagusi 22:30tik aurrera Okendon.