Raul Gomez Margallo: ”Gure lurraldea da, buruz ezagutzen dugu”

jon-altuna-egitegi 2014ko urriaren 21a

David Martinek bere erreinua amaitutzat eman ostean, Lasarte-Oria Bai! krosa irabazteko hautagai bila ari da herria. Ziurrenik aukera gehien dituena da Raul Gomez Margallo (Lasarte-Oria, 1975). ”Orain dator momenturik onena, motibatuta nago”, eman du abisua. Erne lasarteoriatarrarekin beraz. Iaz Kirolprobak liga irabazi zuen, baina aurten aukerarik ez duenez, herrriko krosean eta azaroaren 9ko Behobia-Donostia lasterketan jarriak ditu gorputz eta arima.

Lasarte Tabernan egin dugu hitzordua, euren babeslearen egoitzan. “Hemen hartu ohi dugu kafetxoa korrika egitera joan aurretik“, adierazi du. Eskatu du kafetxoa, has gaitezke. 

Nola eta zergatik hasi zinen korrika?
Txikitan aitarekin joaten nintzen asteburutan Hipodromora. Beraiek bueltak ematen zituzten bitartean, nik animatu egiten nituen bokata bat eskutan. Betidanik gustatu izan zait korrika egitea, baina 27 urterekin hasi nintzen serio. Berandu, beti erresistentzia izan dudan arren. Kalitate saltoa ordea duela hiru urte eman nuen, 2011ra arte ez nintzen asko ibiltzen. 

Zein entrenamendu sistema jarraitzen duzu?
Iaz astean sei egunez entrenatzen genuen, orain bostetan. Asko eskertzen da atseden egun hori. 
Taula bat daukagu, astelehen eta ostegunetan normalean ez dugu ezer egiten eta beste bi egunetan serieak sar-tzen ditugu, tirada luzeekin tartekatuta. 
Pesak gutxi egiten ditugu, pisua har dezakezulako eta lesionatu egin zaitezkeelako. 

Lasterka hasi aurretik beste kirolen bat egin al duzu?
Bizikleta pixka bat eta squash-a egiten nituen. Baina ezer handirik ez. 
Marka da, orain hasi naiz kirola serio egiten, sasoi puntu onena ia amaitzear dagoenean.

Lasarte-Oria Bai! herriko krosean murgilduta, gusta-tzen al zaizu ibilbidea?
Bai, gustoko dut. Baditu bi aldapa oso gogorrak; hanketan nabaritzen dituzu azkenerako. Baina gure lurraldea da, buruz ezagutzen dugu. 
Ibilbidea oso ongi dago, antolakuntzak primerako lana egiten du, jende oso ona etortzen da gainera eta giro bikaina egoten da. 

Lasarteoriatarron itxaropena zara... 
Lehen bosten artean egin dezaket, irabaztea ezinezkoa da, ez daukat horretarako mailarik, badakit zein den nire lekua. 
Jendeak agian David Martinekin alderatuko nau, baina koxka bat beherago nago, ez nago bere maila berean. Martin makina bat da.
Hernaniko basapiztiei, Yeray Varelari, Unai Arroyori... bospasei kilometrotan eutsiko diet agian, baina amaieran beste erritmo bat daukate. 

Podiuma askotan zapaldu duzu ordea lehen lasarteoriatar bezala. Ez da gutxi.
Bai, azken lau edo bost urte hauetan lehenengo herritarra izan naiz. Oraintxe bertan entrenamendu kideak dira nire aurkari gogorrenak: Jose Luis Delgado, Raul Tejado, Borja Romero eta Antonio Mazo. Lehen bakarrik entrenatzen genuen, bakoitzak gure aldetik, orain taldetxoa daukagu eta psikologikoki ederra da. Gure ordutegiak moldatzen ditugu batera entrenatzeko. 

Maratoira jauzia noizko? Egin izan dituzu batzuk...
Aurten ez dut egingo. Iaz 34. kilometroan sekulako zartakoa hartu nuen “horma” famatuan. Helmugaraino agonia izugarria bizi izan nuen. 
Erritmoz oso ongi gindoazen, baina gehiago entrenatu behar da maratoia egiteko. Guk asko jota 20 kilometro entrenatzen ditugu eta 42 kilometro egiteko 30eko tirada dezente sartu behar izaten dira.
Iaz 2:41 egin nuen, baina uste dut 2:35 eta 2:32 artean ere ibili naitekeela. Adin aldetik ongi nabil oraindik, badut denbora distantzia luzeetan hobetzeko, baina maratoia oraingoz hitz handiak dira.

Pisua kontrolatzen al duzu?
Pixka bat kontrolatzen dut, baina garagardo bat edo bi hartzeko ez daukat erreparorik! 
Korrikalari altua zara,  zankada edo urrats luzekoa, teknika ona duzu.
Ez zait batere gustatzen nire korrika egiteko estiloa, baina daukadana da. Jaitsierak ongi egiten ditut, badakit hankak askatzen, baina igoeretan asko sufritzen dut. 

Tendinitisarekin ere bazabiltzala ikusi dut, belauneko minez...
Betirako dela diote... Zer egingo diogu ba! Horrela entrenatuta eta hainbeste lasterketa eginda... Gero gainera ez dakigunez geratzen ba noski, hau da tokatzen dena. Dena den, astakeria handirik ez egiten saiatzen gara. 

Niretzat nahikoa astakeria bada Hiru Hondartzetako krosean kilometroa 3:15ean botatzea. 10 kilometroko krosa 32 minutu eta 30 segunduan egin zenuen. Astakeria.
Egia da, oso azkar da. Nola esplikatzen den hori? Ba zaila da. Lasterketetan ez da antzematen zeinen azkar goazen... Eta zer esanik ez telebistan agertzen diren atletak! 
Sekretua entrenamenduetan dago; eta atseden egunetan, nahiz eta hortzak estutu behar izaten ditugun entrenatzera ez joateko.
Lehen adibidez ez nituen serieak egiten. Lehen kronoa hartu eta errepidera ateratzen nintzen, besterik ez. Orain txispa ere entrenatzen dugu, plus bat ematen dizute serieek. Bi mila metrokoak, milakoak, 600 metrokoak, 400ekoak ere egiten ditugu... Oso gogorra da, baina bukatzean izugarri gustura gera-tzen zara egindakoarekin.

Zein da irabazi duzun lasterketa kuttunena? 
Usurbilgoa agian, luzea eta zonaldekoa delako. Zarautz, Aduna, Pasaia… Gehiago ere irabazi ditut, baina ez dago hainbesteko mailarik. Borrokatuta seigarren egitea nahiago dut esfortzu gutxiago egin eta gero lehenengo postua eskuratzea baino. 

Pistara jauzia noizko? Pentsatu al duzu atletismoan federatzea?
Ez zait burutik pasa ere egiten. Lur gaineko krosak agian bai, gonbidatu izan naute baina... Duatloiek gehiago deitzen naute. Bizikleta badaukat, baina ganbaran, probatu egin nahiko nuke.

Herrian atletismo talde bakar bat ikusi nahi luke  triatloietan dabilen lagun batek, indarrak batuta ”talde puska” bat osatuko zenuketela dio, hainbesteko bereizketarik gabe. 
Aurrekoan lagun batek ere gauza bera esan zidan. Bakoitzak sponsor ezberdinak ditu eta zaila dela uste dut. Hitz egitea da, baina gauza-tzeko konplikatua ikusten dut,  jende asko gara denak koordinatzeko. Askoz ere ikusgarriagoa izango litzateke jakina, leku guztietan agertuko ginateke. Ideia polita da, baina egiteko zaila. 

Zailtasunik ba al duzu lana eta entrenamenduak uztartzeko? 
Lanbidez igeltsero eta pintorea naiz, ordutegi malgua daukat. Beranduen bezala 17:00etarako kanpoan nago.  
Hurrengo urtean ez dakit nola ibiliko naizen. Apirilerako espero dut haurra eta ziurrenik denbora gutxiago izango dut entrenatzeko. Gauez ikusiko nauzue korrika! Oraingoz denbora badaukat eta zonaldea oso ona da. Hernani aldera aldapekin, Zubietako bidea... Zoru leunaren falta somatzen dut agian. Hori mendian dago, eta datorren urtean probatu nahiko nuke mendia, indar pixka bat hartzeko. Gehien kezkatzen nauena lesionatzea da hala ere.

Lesioekin kontuz ibili behar izaten da bai...
Hori dena bezala da, zenbat eta egur gehiago eman gorputzari... Gaur egun nire fisioari afiliatuta nagoela esango nuke. Masajeak, ultrasoinuak... Izugarri nabaritzen dira zainketa horiek, lehen ez geneukan halakorik. 
Edade bat badaukagu, ia 40 urte, eta karrera gehiegi egiten ditugu askotan, gero halaxe agertzen dira aldaketako eta belaunetako minak.

Behobia-Donostia lasterketa historikoaren 50. ekitaldia ere hortxe daukagu... Aurtengo helburua?
Urteko helburu nagusia dela esango nuke. Asko motiba-tzen nau ibilbide aldaketak. Kilometraje berdina du probak, 20 kilometro hain zuzen, baina desnibela gehixeago omen da, progresiboago igota, ez hain bortitz. Txirrista ezagunak hein handi batean kendu egin dituzte... Egun ona atera dadila eskatzea soilik geratzen da! 
1:07ko marka egin nahi dut 20 kilometrotan, egin daiteke. 1:08 egin nuen duela bi urte. Laugarren kilometroan geratuta egon nintzen, bikietako eta belauneko minez.
Herrenka ibili nintzen anbulantzia baten bila ero moduan, baina halakorik ez zegoela ikustean, jarraitzea erabaki nuen poliki-poliki. Bi ordu egin behar banituen ere bukatzea zen asmoa, Baina zonaldea berotzen joan zen heinean, abiadura hartu eta atzetik aurrerako lasterketa egin nuen. Denbora nahiko ona atera zitzaidan, 1:08 inguruan ibili nintzen. Hala ere, minutu pare bat galduko nituen lasai asko. 
Iaz ere ezinezkoa izan zen. Haizeagatik eta gorpu-tzaldi txarrean nengoelako. Hala ere, 1:09 egin nuen.
Aurten oso momentu onean nagoela uste dut, ea denbora txukuna ateratzen zaidan, borrokatuko dut, hori ziur.

Geroz eta jende gehiago aritzen da korrika. Zergatik dela uste duzu?
Nesketan nabaritu dut nik gorakada izugarria. Gaur egun edozeinek egiten duen kirola da gurea. Erraza da, denbora gutxi behar duzu, merkea da eta gainera emaitzak azkar ikusten dira.

Gaur ze entrenamendu tokatzen da Raul?
Entrenamendu gogor horietakoa. Hiru 2.000 metroko 6:40 eta 6:20 bitartean. Ederki pasako dugu. Gorputza ez da beti berdin egoten. Askotan astean zehar adurra darigula, bihotza ahotik bota beharrean ibiltzen gara, eta gero astebukaeran hegan egiten dugu. Zergatik? Txipak eta dortsalak ematen digutelako indarra, lehiak, jendeak.
Hau da gustatzen zaiguna eta gozatu egiten dugu!