Sasoetako auzotarrek erantzun diote hitzorduari. 40 bat lagun hurbildu dira Gaztelekuko bilera gelara arratsaldeko 18:00etan. Udalak Sasoetako zenbait pasabide eraistea erabaki du, espazio publikoak sortzeko. Orain, Sasoeta Sasoitu! izeneko parte-hartze prozesuaren bitartez (Hiridunak arkitekto taldeak zuzentzen duena) auzotarrek proposamenak egingo dituzte, espazio publiko horiek auzotarren nahien arabera eraikitzeko.
Bilerara hurreratu duten hainbat auzotarrek galdetu dute ea noiz hasiko diren eraisten pasabide horiek. Bileraren antolatzaileek erantzun dute galdera horiek ez zirela gaur erantzun behar, garrantzitsuena zela denen artean erabakitzea espazioak nolakoak izango diren, sortzen direnean. Horren aurrean, bilerara etorritako auzotar gutxi batzuk altxa eta bilera aretotik joan egin dira.
'Kafe bilera'
Bilerak aurrera jarraitu du eta Hiridunak arkitekto taldeko kideek 'kafe bilera' izenekoaren xehetasunak azaldu dituzte. Auzotarrak hainbat mahaitan banatu dituzte (lauzpabost eseri dira bakoitzean), euren artean Sasoetaren arazoei buruz hitz egiteko.
Funtzionamendua honakoa izan da: lehenik eta behin, mahai bakoitzean arduradun bat aukeratu behar izan dute partaideek. Pertsona horrek bere mahaikideek esandakoak apuntatu ditu paper batean, eta laburpen bat egin gero. Hamabost minutuko hiru txanda egin dituzte auzotarrek; horietako bakoitzean orri batean jasotako gaiak izan dituzte hizpide. Guztira hiru orri zituzten.
Hamabost minutuko txanda bakoitza bukatu eta gero mahaiz aldatu dira partaideak, arduradunak izan ezik. Horrela, bilerara hurbildutako kide guztiek elkarrekin hitz egin ahal izan dute.
Txanda horiek burutu bitartean kafea hartzeko eta pastak eta fruta jateko aukera eduki dute partaideek. Datorren asteartean egingo dute hurrengo bilera, ordu eta leku berean. Gaurkoan Sasoetaren arazoei buruz aritu dira; proposamenak eta arazoak konpontzeko ideiak landuko dituzte hurrengo astean.