Kirol eta jarduera fisikoaren inguruko galdeketa

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 23a

Lasarte-Oriako Udalak karpa bat ipiniko du igande honetan herritarrek udalerriko kirol eta jarduera fisikoaren inguruan duten iritzia jasotzeko. Okendo plaza inguruan jarriko dute goizeko 11:00etatik aurrera, krosaren egunean. Plan honen xedea datozen urteetarako Udalaren kirol eta jarduera fisikoko helburuak eta lan-ildoak finkatzea da.

Behin karpa ipinita eta herritarren iritzi eta proposamenak jasota, amaitutzat emango da programaren lehenengo zatia eta Udalak diagnosia edo azterketako ondorio nagusiak ezagutzera emango ditu. Horrela, hurrengo asteetan, azaro erdi aldera hasita, dinamika ezberdinak antolatuko dira. “Dinamika hauetan kirola eta jarduera fisikoko alderdi anitzak landuko dira eta datozen urteetarako udalak izan behar dituen helburuak eta lan-ildoak definituko dira. Dinamika hauetan herritarren partaidetza izango da giltzarri, guztion artean erabakitzeko Udalaren lehentasunak zeintzuk izan behar duten definitzeko”, jakinarazi dute.

Parte-hartzeko gonbitea

Orain arte 30 bilera inguru egin dira herriko eragile ezberdinekin eta azterketarekin amaitzeko herritarren iritzia jaso nahi du Udalak: “Nahiko kirol eta jarduera fisiko egiten al da herrian? Erraztasunak al daude? Eta oztopoak?". Galdera hauei erantzuteko eta bakoitzak dituen proposamenak partekatzeko Udalak herritar guztiak karpara gerturatzera gonbidatu eta animatzen ditu.