Oporrak amaitu ostean bueltatu dira lanera Gure Esku Dagoko kideak. Erronka ugari prestatu dituzte aurtengo ikasturterako; Lasarte-Oria "saretzea" izango da handiena. "Lehengo urtean guk antolatutako ekintzatan parte hartu duzue herritarrok; aurten, ekintzen parte izatera pasako zarete", esan du Oihana Beltran Gure Esku Dagoko kideak.
Beltranek zehaztu du aurtengo herri mailako ekimenak ez daudela finkatuta oraindik, baina Euskal Herri mailakoak bai. Hiru izango dira: mosaiko erraldoia osatuko da Zurriolan azaroaren 8an (160 herritar behar dituzte), Euskal Herriko herri guztietan festak egingo dira apirilaren 25ean, eta Anoetako estadioan postontzi bat irudikatuko dute 57.000 pertsonak (Lasarte-Oriatik 1.400 biltzeko erronka dute). Bileran zehaztu dutenez, Gipuzkoako biztanleek soilik beteko dute Anoeta. Probintziaka egingo den ekitaldi bat izango da ekainaren 20koa.
Lasarte-Oria "saretzen"
Oihana Beltranek onartu du "erronka zaila" dela aurtengoa, baina "gai" ikusten du herria helburu nagusia lortzeko: 1.400 laguneko sare bat osatzea Lasarte-Orian, ekainaren 20ko ekintzan parte hartzeko. Egitura honakoa da: taldeka banatuko dituzte "saretuak", 20 bakoitzean. Talde bakoitzak tutore bat edukiko du. Hortaz, aurreikuspenak betetzen badira, 70 tutore egongo dira guztira. Tutore bakoitzak 20 saretu edukiko ditu.
Aurtengo ikasturteko ekintzak azaldu ostean, Villa Mirentxura joan diren herritarrek joan den urteko ekainaren 8an egindako giza kateari buruzko bideo bat ikusi dute, Lasarte-Oriatik joandako herritarrekin osatua izan dena. Ondoren, afari-meriendatxoa egin dute denek elkarrekin, Villa Mirentxun bertan.