Hasi du ikasturtea Bazpi txirrindularitza eskolak. Denera 21 mutil ditu Lasarte-Oria eta Usurbilgo gazteak batzen dituen taldeak, tamalez, ez daukate neskarik.
”Beste aukera bat, alternatiba bat eskaini nahi diegu gazteei ohiko kirolez gain”, adierazi du Xabier Carbayeda eskolako arduradunak.
Astearte eta ostegunetan entrenatuko dute Usurbilgo kiroldegian abendura bitartean, arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara. “Hiru hilabetez prestaketa fisikoa eta gimnasio pixka bat egingo dugu Gabonetara arte, hortik aurrera bizikleta hartuko dugu eta pista edo ziklokros denboraldiak osatuko ditugu”, esan du Carbayedak.
Babesle aldetik larri dabilen taldea eta Iparfriok, Faisok, Mirador de Ulia Jatetxeak eta Iñaki Tabernak diruz lagunduko duten arren, beste babesle baten edo biren bila ari dira Bazpiko arduradunak.
Entrenatzaile berria
Iaz Ramon Unanue klubeko prestatzaile maitatua zendu zenez, aurten Aritz Berrostegietak entrenatuko ditu mutilak. Alebin mailan bost mutil dituzte, infantiletan lau, kadetetan zazpi eta jubeniletan bost. Unanuek egindako lanarekin jarraituko du Berrostegietak, mutilei jarraipena egin eta entrenamenduak jarriko dizkie donostiarrak.
Jakin badaki Xabier Carbayedak gurasoei erreparo dezente ematen diela haurra ziklismora apuntatzeak, baina txirrindularitzaren alde onak nabarmendu nahi izan ditu: “Arriskua hor dago, ez dugu ukatuko, baina abantailak ere baditu. 14 urtera arte Usurbilgo Atxega poligonoan entrenatzen dugu, errepidera atera gabe. Ginkanak, trebetasun ariketak, kanbio eta balazten kontrola... Gainera herri asko ezagutzeko aukera ematen du kirol honek, Gipuzkoan barrena bueltaka ibiltzen garelako”.
Izen-ematea zabalik
Bazpi Txirrindularitza eskolan izena eman nahi duten 11 eta 17 urte arteko neska-mutilek buruntzazpi@gmail.com helbide elektronikora idatzi dezakete edota entrenamendu egunen batean Usurbilera joan daitezke arduradunekin hitz egitera. Bereziki neskak animatu nahi dituzte kirol honetan lehen urratsak ematera.