'Bezeroaren hamabostaldia' kanpaina aurkeztu du Aterpeak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 10a

Kanpaina berria jarriko du martxan Aterpea elkarteak, urriaren 15ean: 'Bezeroaren hamabostaldia'. Herriko komertzio eta ostalariek txartel batzuk banatuko dituzte, sari desberdinak eman ditzazketenak: deskontuak, zinemarako sarrerak... Urriaren 30ean amaituko da kanpaina hau.

Agerraldia egin dute gaur eguerdian Aterpea elkarteko ordezkariek, 13:15ean, 'Bezeroen hamabostaldia' izeneko kanpaina aurkezteko.

Sari ugari

Datorren asteazkenean hasiko da kanpaina, eta urriaren 30ean bukatuko da. Herriko komertzio eta ostalariek zenbait txartel emango dizkiete bezeroei. Txartel horietan mota guztietako sariak aurkitu ahal izango dituzte bezeroek: 2 eta 3 euroko deskontuak, haur zein helduen zinemarako sarrerak, antzerkietarako sarrerak...

Horrez gain, antolatzaileek jakinarazi dutenez, txartel horiek zozketa batean sartuko dira; 300 euro poltsikoratuko ditu irabazleak. Sari hori eskuratu ahal izateko, txartelaren azkenengo lau zifrek ONCEk antolatzen duen urriaren 31ko zozketako zenbaki saridunaren azken lau zifrekin bat etorri beharko dute. 

Aterpeak eskerrak eman nahi dizkie Martin Berasategi jatetxeari, Lasarte-Oriako Udalaren hainbat batzorderi (Kultura eta Garapen Ekonomiko eta Komertzio batzordeei zehazki) eta Eusko Jaurlaritzari, Aterpearekin elkarlanean aritzeagatik.