Pozik zen Furundarena lasarteoriatarra erabakia jakin berritan: “Egun oso alaia da guretzat. Hamaika urteko bidea luzea izan da eta Egunkariako lankide ohiekin ospatzeko irrikaz nago”.
Dena den, salaketa ere egin nahi izan du balorazio bat eskatzerako orduan: “Epaiketa politikoa izan da. Ezin dugu ahaztu bidean Egunkaria itxi zutela, nire lankideetako batzuk atxilotuak eta torturatuak izan zirela, hori hor geratu zaigu, barnean”, adierazi du Furundarenak.
Era berean, gizartearen “elkartasun keinuak” eskertu nahi izan ditu: “Jendartearen erantzuna eta babesa hasiera-hasieratik gaur arte bikaina izan da, eskerrak eman nahi dizkiet hemendik guztiei”.
Epaitegiko erabakia Irailaren 19rako espero zen, baina 25 egun beranduago heldu da 11 urteko amets gaiztoaren amaiera. Honenbestez, inputatuak aske geratu dira.
Epaileak ez du onartu Fiskaltzak zortzi lagunontzat eskatzen zuen 128 urteko kartzela zigorra eta 221 milioi euroko isuna.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak euskarazko egunkaria ixteko agindua eman zuen Egunkaria ETArekin lotuz. Gaur amaitu da 2003ko otsailaren 20an hasitako prozesu judiziala.
Informazio gehiago: Berria.eus
Elkarrizketa: Fernando Furundarena: "Amorrua, haserrea eta ezintasun handia sentitu nuen"