Andoaingo PSE-EEren egoitzan egin dute agerraldia, 11:00etan, Buruntzaldeako sozialisten ordezkariek. Bertan izan dira Andoaingo bozeramaile Maider Lainez, Urnietako Herme Gonzalez, Hernaniko Jose Antonio Sanchez, Usurbilgo Ricardo Crespo eta Lasarte-Oriako Jesus Zaballos.
Hauteskundeei begira
“Ez dugu ulertzen proiektua bi urtez lantzen egon eta gero zergatik duen EH Bilduk hainbesteko presa orain; elkarte bezala sortu nahi dute agentzia eta gero, zortzi hilabetera, erabaki zein forma juridiko den egokiena. Zergatik hainbesteko presa? Hemendik zortzi hilabetera hauteskundeak datozelako?”, adierazi dute PSEren bozeramaileek.
“EH Bilduk nahi duena da berak gehiengoan gobernatu nahi duen agentzia bat sortzea. Zortzi hilabete pasa baino lehen egin nahi dute, badakitelako beharbada udaletxeetan dauden gehiengoak aldatu egingo direla hauteskundeetan”, salatu dute.
Buruntzaldeako sozialisten iritziz, “interes alderdikoiak” alde batera utzi behar dira, eta “publikoa eta gardena” izango den garapen agentzia bat sortu.
“Marra gorriak”
PSEren bozeramaileek zeharkatu ezin diren bi marra gorri ezarri dituzte, agerraldian azaldu dutenez: Buruntzaldeako Garapen Agentziak izango duen figura juridikoa eta nola hautatuak izango diren agentziako ordezkariak.
PSEk salatu du “inolako kontrolik gabeko” elkarte bat sortu nahi duela EH Bilduk. Figura juridiko “egokiena” Mankomunitatearena da sozialisten aburuz: “Figura horrekin udaletxeetako funtzionarioek hartuko lituzteke idazkari eta diruzainaren karguak, eta ez alderdi politikoetako ordezkariek, EH Bilduk egin nahi duen bezala, inolako kontrolik gabe”.
Bestalde, ez dituzte egokiak ikusten EH Bilduk garapen agentzian udaletxeak ordezkatuko dituzten pertsonak aukeratzeko proposatu dituen bi moduak: alkatea eta udalbatzarrean aukeratutako kide bat edo D’Hondt legeari jarraituz bi ordezkari aukeratzea. PSEren bozeramaileen ustez udalbatzarrean aukeratu beharko lirateke bi kideak, “antzekoak diren beste erakunde batzuetan egiten den moduan”.
Estatutuen aurka
Buruntzaldeako sozialistak EH Bilduk erredaktatutako estatutuen aurka daudela adierazi dute agerraldian: “Lasarte-Oriako eta Urnietako idazkari eta kontu-hartzaileek informe ezkorrak egin dituzte EH Bilduk proposatzen duen agentziari buruz, estatutuak ez direlako legalak”.