Hilero-hilero bilduko dira literatura zaleak Manuel Lekuona, hileko hirugarren asteetan. Hainbat gai, genero, idazle eta estilo landu eta haien inguruko solasaldiak eta gogoetak egingo dituzte.
Ezaugarri bereziak
Saio irekiak egiten ditu beti irakurle txokoak. Hau da, bileran landuko duten liburua irakurri ez dutenak ere gonbidatuta egongo dira. Euskarazko literatura irakurtzen eta lantzen dute bileratan irakurle txokokoek: euskaraz sortu diren edo beste hizkuntza batetik euskarara itzuliak izan diren lanak aztertzen dituzte.
Izan ere, literaturaz gozatzearekin batera, irakurle txokoaren helburuetako batzuk euskara eta euskal kultura indartzea dira, arnas gune berri bat sortuz. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, lehengo urtean txokora hurbildu zen jende askok euskal literatura ezagutu eta orain hartu du ohitura euskaraz irakurtzeko.
Bilera ugari
Urrian hasi eta maiatza bitartean zortzi bilera egingo dituzte irakurle txokokoek. Urriaren 21ean Atxagaren Nevadako egunak eleberria aztertuko dute; Lander Garroren ‘Gerra txikia’ ezagutuko dute azaroaren 18an; Jon Mirande zenaren ‘Haur besoetakoa’ aztertuz amaituko dute urtea (abenduak 16), eta Mari Luz Estebanen ‘Amaren heriotzak libreago egin ninduen’ poesia liburuarekin hasi (urtarrilak 27). Horiek izango dira lehen lau bileratan aztertuko dituzten lanak.
Otsailaren 17an egingo dute bosgarrena, ‘Genero ariketak’ saiakera aztertuko dute. Danele Sarriugarteren ‘Erraiak’ nobelaz arituko dira martxoaren 17an, eta Annie Ernaux-en ‘Pasio hutsa’ nobela izango dute hizpide apirilaren 21ean. Aurtengo bilerekin bukatzeko, Jule Goikoetxearen ‘Tractatus’ poesia liburua aztertuko dute.
Saio batzuetan lanaren egilea etorriko da Manuel Lekuonako hitzaldi aretora, irakurle txokoko kideekin batera euren lanak aztertzera. Bi bileratik behin izango da hori: azaroan, urtarrilean, martxoan eta maiatzean idazleekin solasean aritzeko aukera izango dute irakurle txokora joaten direnek.