Ostadarren Ohorezko Erregionalen taldeak beste puntutxo bat zakuratu du gaur arratsaldean Michelinen Bergararen aurka jokatutako norgehiagokan.
Lehen zatiaren hasierako minutuetan bergarrarak izan dira baloiaren jabe eta jokoa Ostadarren zelaian egin dute gehienbat. Baina minutuek aurrera egin ahala, Ostadarrek baloiaren jabetza berreskuratu du eta aurkera bat edo beste sortu arren, etxekoek ezin izan dute golik sartu atsedenaldira joan aurretik.
Bigarren zatiari ekin bezain pronto, Medinaren mutilek gola sartu dute 15. minutuan. Alvaro Benjumeak ezker-hegaletik Gorka Britekin bat-bikoa egin eta Benjumeak heriotzaren pasea eman dio Brit profesional ohiari ahoko zuloan gola sar zezan.
Pozak ez die gehiegi iraun ordea urdin-beltzei. Gola egin eta ia hurrengo jokaldian area ertzeko falta jaurteketa bat probestuz egin du gola Bergara KE-k. Defentsa lerroak eta atezainak ez dute elkar ulertu eta zoritxarrez baloia sareetan ipini dute kanpokoek.
90. minutua bete artean Ostadarrek aukeraren bat izan badu ere, banako berdinketarekin amaitu da Ligako laugarren jardunaldia. Oraingoz garaipen bat, bi berdinketa eta porrot bat pilatzen ditu Ostadarrek eta saikapenaren erdikaldean dago kokatuta bost punturekin.
Omenaldia Fran Toquerori
Klubak 20 urteko ibilbide luzearen errekonozimendua egin nahi izan dio atezain lasarteoriatarrari.
Partida hasi aurretik bi taldeetako jokalariek pasilloa egin diote eta zelai erdian kamiseta bat jaso du opari bere izena bizkarrean zuela. Hori gutxi ez, eta Joxe Kruz Labakak egindako makila eman dio Aitor Azkonobieta taldekide ohi eta lagunak. Erketzekoek aurreskua dantzatu diote ohorezko sakea egin eta guztiei eskerrak eman aurretik.
Ostadarreko zuzendaritzak sentimenduz beteriko hitzak izan ditu 20 urtez Michelingo atea zaintzen aritu den gizonarentzat: “ibilbide oso bat saritu da. Ostadarretik jokalari onak, erdipurdikoak eta txarrak pasatzen dira, baina horren gainetik, Fran Ostadar da, gure filosofiatik edan duena, eta gure filosofiarekin bat egin duena. Gainera, orain futbola utzita, kadete mailako atezainak trebatzen laguntzen ari da. Berarengatik egin dutena, orain besteengatik egiten ari da. Ostadar %100ean”.