Lorena Zabala: "Gauerdian amaitzen ditugu entrenamenduak"

jon-altuna-egitegi 2014ko urriaren 10a

Donostiako izotz-jauregian egiten du lan Lorena Zabalak, bertan neska bat ezagutu eta haren bidez hasi zen hockeyean jokatzen duela sei urte. Hasieran patinatzera edo irristaketan aritzera mugatzen zen, baina hiru urte atzera hockeya probatu, gustatu eta orain buru-belarri dabil gehien maite duen kirola eginez. Taldean hiruzpalau izatetik, hemezortzi taldekide izatera igaro da Kazkabarra taldea. Hazi egin nahi du kirol honek, baina horretarako jokatzeko prest dauden neskak behar dituzte.

Ikasketei dagokionez, goi-mailako dietetika eta elikadura ikasketak ditu Zabalak, ama Marisarekin Hipodromo Etorbideko belar-dendan lanean ere aritzen da eta baita izotz-jauregian bertan ere. Lorena Zabalak ilusio handiarekin dihardu izotz-hockeyaz, pasioz ere bai hitz egin du zenbait unetan. 

Nolatan hasi zinen patinatzen?
Txuri-Urdineko pistan lan egiten dut, beraz, handik jende asko ibiltzen da joan-etorrian. Halako batean duela hiru urte neska batek probatzen hastera gonbidatu ninduen eta orduan hasi nintzen entrenamenduak serio hartzen.

Pausoka-pausoka... Espainiako Ligan, lehen mailan, Donostiako Kazkabarra taldearekin lehiatzeraino ailegatu zara.
Egia esan oso pozik nago taldea ateratzea lortu dugulako. Gurea oso jende gutxik egiten duen kirola da, hemen ez dago kulturarik eta horren erakusgarri da lehen mailan zazpi talde besterik ez daudela. Horri gehitzen badiozu nesken kirolak berez dituen zailtasunak...
Bartzelonara, Jakara, Madrilera, Logroñora etab. bidaiatzen dugu eta gogorra egiten da bai fisikoki eta bai ekonomikoki, baina hau da gustatzen zaiguna, zer egingo diogu ba!

Badakit nazioartean Munduko Txapelketan ere izan zarela Islandia aldean...
Bai, Reykjavik hiriburuan izan ginen martxoan. Beno, lehenik eta behin esan behar dut bigarren mailako Munduko Txapelketa izan zela. 
Diferentzia handia dago lehen mailatik bigarrenera. Lehen mailan Kanadak, AEBak, Finlandiak... Tradizio handiko herrialdeek jokatzen dute, han txiki-txikitatik hasten dira izotz gainean patinatzen eta gu hemezortzirekin hasi ginen, pentsa. 

Bigarren mailakoa bada ere, domina ekarri zenuen etxera Espainiako selekzioarekin.
Hala da, brontzezkoa. Niretzat lehen aldia zen nazioarteko txapelketa batean. Urrea nahi genuen, baina azkenean brontzearekin konformatu behar izan genuen.
Aurtengo denboraldian urrearen bila joan nahi dugu, Jakan jokatuko baitugu, etxean.

Denboraldia urritik apirilera dela kontutan hartuta, udaran zer egiten duzue?
Ba gurpil gaineko patinetan jokatzen dugu hockeyera. Esate baterako, Bartzelonan egon naiz udaran torneo batean. 
Hilabete hauetan Gascan entrenatzen dugu gizonezkoekin batera, Correcaminos taldearekin, eta eurekin ikasteko aukera dugu. Zerbait egin behar da lehiaketarik ez dagoen hilabeteetan.

Zein dira hockeyaren oinarrizko arauak? Zergatik gozatzen duzu hainbeste?
Sei lagunek jokatzen dute izotz-hockeyeko talde bakoitzean, bost jokalarik eta atezainak. Gurpil gainekoan, lau jokalarik eta atezainak. Diferentziak? ba izotzetan kontaktu gehiago onartzen dela.
Intentsitate handiko kirola da, azkarra... Ez da futbolean bezala 90 minutu jokatzen dituzula... hemen aldaketak oso ugariak dira, bost jokalariko hiru talde prestatuta edukitzen ditu entrenatzaileak eta bakoitzak bi minutuz barnean duen guztia ematen du pistan. 
Denera 20 minutuko hiru zati izaten dira, ordubeteko jokoa da, nahiz eta etenekin etab. ia bi ordura arte luzatzen dira neurketak askotan.

Hockeyak gorputz osoaren koordinazioa eskatzen du, ez da atal zehatz bat bakarrik lantzen, teknika handia behar da kirol honetan

Ze postutan jokatzen duzu?
Defentsan jokatzen dut, baina nik, eta taldeak oro har teknikan huts egiten dugu. 
Ondo patinatzen, taktika eta teknikaren sekretuak, atera ondo jaurtitzen... Hori guztia gerora ikasi dugu, eta hockeyak gorputz osoaren koordinazioa eskatzen du, kirol osoa da, ez da atal zehatz bat bakarrik lantzen. 

Zenbatero entrenatzen duzue?
Bi egunetan izotzetan eta beste egun batean gurpildun patinetan. Jakina, asteburuko partida kontutan hartu gabe. Oso gogorra da, exigentea eta ordutegia oso txarra daukagu. Gaueko 23:00etatik 00:00etara entrenatzen dugu. Hori da geratzen zitzaigun ordu bakarra, izan ere, gizonezkoen hockeya, neskena, curling-a, ikastaroak... daude eta guztientzat pista bakarra daukagu. Ez dago denontzat tokirik. 
Ordutegira pixkanaka ohitzen ari gara, goiz samar afaldu edo fuerte meriendatu... eta lanera! 
Gainera entrenatzaileekin zortea izan dugu, jokalari beteranoak direlako eta gurekin inplikatu direlako. Ahal duten guztiarekin laguntzen digute, materialarekin adibidez.

Zer egin daiteke emakumezkoen kirola oro har, eta batik-bat hockeya lau haizetara zabaltzeko?
Gu saiatzen gara. Halakoetan funtzionatzen duena ahoz ahoko publizitatea izaten da, baina kartelak, medioetan agertze hutsa garrantzitsua da.
Neskato gazteak hasi hasten dira hockeyean mutilekin batera talde mistoetan jokatzen. Gero, senior taldeetara pasatzen dira. Horregatik uste dut Kazkabarraren antzeko proiektuak politak eta beharrezkoak direla. Hori ere badelako gure helburua, nesken senior taldearen funtzioa bada gaur egun kategoria txikietan dabiltzan neska gaztetxoei alternatiba bat ematea.
Jakina, aurrekontua behar da Ligan Espainian barrena bidaiatzeko, eta babesle aldetik ez gabiltza larriegi, baina beti eskertzen da diru gehiago, behar dugulako. 

Hockeyaren munduan murgildu aurretik, beste kirolen bat egin al duzu?
Atletismoa egin nuen aurretik. Abiadura eta saltoak, proba esplosiboak. Txikitan hasi eta bost bat urte egin nituen. Baina giro hartan lagunik ez nuenez eta bakarkako kirola zenez... Hockeya talde-kirola da, nahiago dut.

Zer da kirol honek duen gogorrena?
Asteburuak etxetik kanpo pasa behar izatea da zailena. Ostiral gauean abiatzen gara eta igandean itzuli. 
Entrenamenduak ere gauerdian amaitzen ditugu... Nik ez dut goiz jaiki behar izaten, baina adrenalinarekin joaten gara ohera, beste ordubete behar izaten dugu irakurriz edo telebista ikusten gorputza lasaitzeko. Goizean goiz lan egitera joan behar dutenentzat arazo handia da hori. 

Epe laburrera zein hitzordu dituzue?
Orain aurredenboraldia amaitzen ari gara. Prestaketa fisikoa egin dugu astean bi egunez eta patinen eta stickaren maneiu entrenamenduak ere egin ditugu egun hauetan. 
Ligako lehen neurketa Jakan jokatuko dugu urriaren 18-19ko asteburuan, datorren asteburuan alegia. 
Egia esan ez dugu izotzean asko entrenatu pistan obrak egiten ari direlako, baina barnean dugun guztia emango dugu. 

Izotz hockeyaren osasuna ez dakit nolakoa izango den, baina Zubieta aldean geroz eta jende gehiago ikusten dut patinetan.
Patinajea edo irristaketa modan jartzen ari da, egia da, kalean neskaren bat patinetan ikusten dudanean esan egiten diet izotz-hockeya probatzeko. Horrela hasi izan gara guztiok, batak besteari esaten.