'Nafar Hegoaldeko uzta euskarari puzka' izeneko kanpaina prestatu du Errigorak. Herri desberdinetako hainbat elkartek parte hartuko dute Errigoraren udazkeneko kanpainan; Ttakun KE dago horien artean. Iaz bezala, produktuz betetako saskiak erosi ahalko dira, Nafarroa Hegoaldeko euskarari eta denen elikadurari bultzada bat emateko. Antolatzaileek nabarmendu dute “ahalegin berezia” egin dutela ekoizle gehiagoren produktuak sartzeko; 10 izan dira aurten, iaz baino 5 gehiago.Saskiak eskatzeko epea irekita dago, eta azaroaren 12an itxiko da. Azaroaren 17tik 30era banatuko dira saskiak, eta abenduaren 1etik 7ra ordaindu. Saskien prezioa 50 eurokoa da. Ttakunen eta Muntterin egin dezakete herritarrek saskiaren eskaera. Bertan datuak hartuko dira eta ondoren, esango da zein egunetan ordaindu eta jaso. Jasoko den diruaren %25 Erriberako ikastoletara, Erriberako AEKra eta euskaraz bizi eta ikasi herri ekimenaren Hamarratz proiektura bideratuko da.