Jokin Ayerregaray: “Arropa konbinatzen jakitea da gakoa”

maider-azurmendi 2014ko aza. 3a, 11:35
Proiektu ezberdinetan murgiltzea gustuko du Jokin Ayerregaray lasarteoriatar gazteak. Euskontu.com eta Ttalaka.org atarien sortzailea da. Azken honen baitan, modari buruzko bloga idazten du eta berriki Diario Vascok antolatutako mota honetako blogen lehiaketa irabazi zuen. Euskaraz modaren inguruan ezer gutxi egiten dela iritzita, euskal komunitatean modak bere lekua duela erakutsi nahi du.

Aurpegi ezaguna da herritar askorentzat Jokinenena. Herrian hainbat ekimenetan ikusi ahal izan dugu. Moda mundua zaletasuna du aspalditik eta interneten zabaldutako Ttalaka atari kulturalean, modari tarte bat egin nahi izan dio. 

Diario Vascok antolatutako moda blog lehiaketa irabazi zuen eta Madrilen izan zen  Mercedes Benz Fashion week-ean tendentziak bertatik bertara ezagutzen. 

Noiztik interesatu zaizu moda?
Modarekiko zaletasuna 12 urterekin hasi zitzaidan. Arrebarekin batera dendak ikustera joaten hasi nintzen eta harra barruan sartu zitzaidala esan daiteke. Orduan janzten nuenaz arduratzen hasi nintzen. Lehen nahiko baldarra nintzen janzten, ez nion atentziorik jartzen arropari.

Orain moda blog pila dago...
Moda blogari asko dago bai. Harri bat altxa eta ehunka ateratzen dira. Moda blogak edo ego blogerrak ugaritu egin dira azken boladan. Ego blogerrak dira egunero zer janzten duten blog batean jasotzen dutenak. 

Nire kasuan, modaren inguruan idazten Irakutrezinen hasi nintzen duela urte asko. Ttalaka.org proiektua sortzean, ikusi nuen moda blog bat beharrezkoa zela. Euskaraz gai hau ia ez da lantzen eta bere lekua behar zuela iritzita, horren aldeko apustua egin nuen. Ondoren, DVk antolatutako lehiaketara aurkeztearena etorri zen. 

Harrera ona du blogak?
Datuak ez begiratzen saiatzen naiz. Lagunak ditut egunero bisita kopurarekin bueltaka dabiltzanak, baina nik ez dut gerra horietan sartu nahi. Afizioz egiten dut nik bloga, badakit bisita asko ditudala eta egunero euskaraz hitz egiten ez duen jendea nire bloga irakurtzera sartzen dela. Hori oso pozgarria da niretzat. 

Zergatik euskaraz?
Naturalki euskaraz idaztea ateratzen zait baina pentsatuta izan zen bai, erabaki kontzientea. Nik euskaraz idatzi nahi nuen, iruditu zitzaidan gai honen inguruan aritzeko euskaraz ez zegoela aukerarik eta nik apustua egin nuen. Jendeak dio irisgarritasuna murriztu dudala baina besteengandik bereizteko ere balio dit.

Madrilen Mercedes Benz fashion week-ean egon zara, nolako esperientzia izan da?
Lehenengo aldia izan da niretzat han eta esperientzia interesgarria iruditu zait. Hala ere,  gauza positibo asko baina baita negatiboak ere ezagutzeko aukera izan dut. Moda mundua oso friboloa da eta estereotipo asko dago. Uste nuen hauetakoren bat faltsua izango zela baina zoritxarrez, horrela direla ziurtatu dut.

Esaterako, nik nahiko estilo pertsonala daukat. Saiatzen naiz joerak goitik behera ez jarraitzen eta aldiz, halako moda ekitaldietan, ikusten duzu jendeak manikiak bezala, joerak guztiz jarraitzen dituela. 
Ez zait gustatu ikustea, jendea nola bihurtu daitekeen anuntzio bat. Marka batzuekin lotzen da eta hori erabiltzen du soilik. 

Halako desfileen jarraipena telebistaz egin edo bertatik bertara, aldea handia da. Esperientzia orokorrean oso polita izan da. Jende pila dago, kazetari, modelo, moda munduko jende garrantzitsua... Moda kazetariak baita bloger ospetsuak ere. 

Zeintzuk dira tendentziak? 
Ikusi ditudan desfileak, datorren udaberri-uda sasoirako proposamenak dira. Tendentzia bezala mantenduko dira loreak, itsasoko estanpatuak eta plataformadun sandaliak esaterako. Koloreei dagokionean aldaketa badago, kolore fuerteagoak aurkeztu zituzten diseinatzaileek. Kolore indartsuak kontrastean kolore hautseztatuak deritzonekin.

Nik joera aldaketa nabarmenagoa espero nuen baina dirudienez, ez da hala izango.

Ondo janzteko diru asko behar al da?
Ez, arropa konbinatzen jakitea da gakoetako bat. Nik low cost modaren alde egiten dut beti. Zara, Armani edo Lasarte-Oriako denda batean eros dezakezunarekin, oso dotore joan zaitezke, estiloso, ez du zertan markak edo diruak garrantzia izan behar janzterako orduan. 

Bigarren eskuko arropa dendak ugaritzen hasi dira gurean. Aukera ona dira?
Ni bigarren eskuko arropa denden oso zalea naiz. Urteetan Londresera joan izan naiz halakoetan arropa erostera. Hala ere, etxean arropa gordetzeko ohitura dugu eta nik adibidez, nire aitaren arropa berriz erabili izan dut. Moda ziklikoa da eta guztia, hamar urteren buruan edo,  bueltatu egiten da. Gure gurasoen garaiko arropa asko oso modan dago egun. 

Bestalde, denda hauen beste abantaila bat da arropa esklusiboagoa lortu daitekeela eta askotan askoz merkeagoa. Candemen erositako Bigarren mundu gerrako txaketa bat dut nik. Asko gustatzen zait, apurtzailea da eta gainera, historia propioa du.

Euskal Herrian Santi Auzmendik esaten zuen ez ginela oso ondo janzten. Zer uste duzu?
Orokorrean Euskal Herrian ez gara oso ausartak janzteko garaian. Ausartak garenak oso ohituta gaude kalean jendea begira geratzea… Oso estilo markatua dugu, oso antzeko janzten da hemen, batez ere Gipuzkoan. Donostiako dotoretasunari lotuta doala esango nuke. Eroso sentitzen gara estilo klasiko horretan eta mantendu egin gara. Orain apurtzailea izateako aukera gehiago dago eta jendea aldatzera animatuko nuke.

Proiektu berrietan sartzea gustuko duzu? Ttalaka, Euskontu…
Bai. Euskalgintzak buelta bat behar zuela argi genuen, gazteak sarean mugitzen gara  baina kulturaren inguruan gehiegi ez genuen aurkitzen. Horrela izanda, elkarte bat sortu eta proiektuak lantzen hasi ginen.

Euskontu.com sortu genuen lehenengo. Euskaraz kontsumitzea bermatzen zuen plataforma. Asmoa izan da, euskaraz lan egiten duten enpresa horiei sarean presentzia bat eman eta euren artean, harremanak sortzea. 

Bestetik, webgune kulturala da Ttalaka.org. Gastronomia, moda, antzerkia, astero kultua arloko pertsona ezagun bat elkarrizketatzen dugu eta erreportajeak egiten ditugu. Oso polita da ikustea egitasmoak izan duen harrera. Hasieratik jendearen proposamenak jaso ditugu. Erakusleiho garrantzitsuak dira bi atariak euskaraz egiten den kulturarentzat. Kazetari bezala medio desberdinetan kolaboratzen hasi naiz. Ttalakan  ere asmo berriak ditugu eta geldi egoteko intentziorik ez dut.