Lorez apaindu da hilerria Domu Santu egunean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 1a

Azaroko lehen eguna da gaur; Santu Guztien eguna, alegia. Urtero legez, zendutako senideak bisitatzera joaten dira familiak, lore-sorta ederrak eskuetan hartuta. Zeru eguzkitsuak eta familiek hilobietan jarritako loreek kolore berezia eman diote gaur Lasarte-Oriako hilerriari.

Zeruari eta termometroari begiratuta kontrakoa ematen duen arren, iritsi da azaroa. Eguraldiak ez ditu herritarrak nahastu ordea, eta urtero bezala, zendutako senideei bisita egitera hurbildu dira Lasarte-Oriako hilerrira, Santa Barbara azpiko gune ederrera. Domu Santu eguna da gaur, eta igartzen da hori hilerrian: lorez eta kolorez jantzita dago gaurkoan. 

Hilerriak ez dira oso leku alaiak izaten, baina Santu Guztien eguna iristen denean beste itxura bat hartzen dute. Lasarte-Oriakoak ere bai. Familiek egun hau baliatzen dute jada beraiekin ez dauden ahaideak gogoratzeko. Ohiturak ez dira aldatzen, eta herritar askok lore-sorta koloretsu eta ederrak jartzen dituzte hilobietan. Era berean, hilobiak txukuntzen eta garbitzen dituzte. Autoz joan dira herritar batzuk, autobusez beste batzuk, eta eguraldi ona baliatuz paseotxoa emanez joan dira hilerrira hainbat herritar, Zabaleta auzoan barrena.  

Hilerriko sarreran kokatu dute lore-saltzaileek euren postua. Hainbat herritar hurbildu dira bertara, euren ahaideentzako loreak erostera: arrosak, krabelinak, gladioloak...hainbat eta hainbat lore mota desberdinek apaindu dituzte hilobiak gaurkoan. Krisi ekonomikoaren eragina oraindik igartzen den arren, lore-saltzaileek nabarmendu dute salmenta kopurua ez dela batere txarra izan. Gaur hilerri sarreran kokatu dira, eta atzoko egunean berriz, Okendo plazan aritu ziren loreak saltzen.

Familiek loreekin omendu dituzte hildakoak. Eguraldiak ere izan du bere detailetxoa: hodeiak ez dira agertu goizean, urdin eta eguzkitsu dago zerua.