Ohorezko erregionalak bana berdindu du Martuteneren aurka

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 1a

Nahi, baina ezin. Hiru puntuak eskuan zituzten Ostadar SKTko Ohorezko erregionalek, baina azkenean batekin konformatu behar izan dira. Gorka Britek denboraldiko 8. gola eskuratu du lehen zatiaren hondarrean, eta partidua bukatzeko bost minutu falta zirela jarri du banakoa markagailuan kanpoko taldeak.

Partidarik ez duten galdu etxean erregionalek, baina irabazi ere ez. Lau norgehiagoka jokatu dituzte Michelingo zelaian, eta beste hainbeste puntu eskuratu dituzte. Zazpigarren puntua izan da gaur eskuratutakoa; hala ere, jaitsiera postuetan jarraitzen dute Mikel Medina eta Gabi Sanchezen mutilek. Azkoitiako Anaitasuna dago mugan, eta Ostadar SKTk bezainbeste puntu dituzte. Lanean jarraitzea besterik ez dute erregionalek. Zarautzen aurka neurtuko dituzte indarrak datorren astean; hiru puntura daude zarauztarrak.

Lehen zatia, Martutenerentzat

Sailkapeneko laugarren postuan da Martutene, eta gaur arratsaldean erakutsi du zergatik. Atzelariak sendo ibili dira, eta aurrelariak berriz bizi-bizi. Oso pase gutxi behar izan ditu talde donostiarrak Iker Hernandoren ate ingurura hurbiltzeko. Dena dela, aukera gehiegi ere ez dituzte eduki, baina oso garbiak izan dira horiek, bat batez ere; langara jaurti du aurrelariak, Ostadar SKTko jokalarien zorionerako.

Medina eta Sanchezen mutilek arazoak izan dituzte baloia jokatzerako orduan. Martuteneko jokalariek ongi presionatu dute eta atzelariak luze jokatzera behartu dituzte. Atzelariek ongi zainduta zituzten Ostadarren aurreko lerroko jokalariak, eta ezin izan dute ia arriskurik sortu lehen zatian. Arriskurik sortu ezin izanak ez du esan nahi Ostadar SKTko jokalariek kalitaterik ez dutenik, aurrelariak batez ere. Ezaguna da izena: Gorka Brit. Beste behin erakutsi du oraindik sasoi betean dagoela, eta aurretik jarri du bere taldea, jaurtiketa ikusgarri batekin. Aldaratze bat baliatu du area ertzean, eta Martuteneren ateko eskuineko eskoadraren armiarma-sareak kendu ditu. Jokaldi horrekin bukatu da lehen zatia. Zeinek esango luke, bi taldeen jokoa ikusita. 1-0, eta 45 minutu errenta hori babesteko.

Ostadar SKT nagusi bigarren zatian

Garaipena behar eta nahi zutela erakutsi dute ohorezko erregionalek bigarren zatian. Atzean sendo eta aurrean bizkor, lehen zatian baino askoz ere hobeto jokatu dute. Hegaleko jokalariek min egin diote Martuteneri, eta aurreko bi gizonek, Gorka Britek eta Gorka Marcosek, erosoago jokatu dute. Horrela iritsi dira aukerak ere: atezainak geratu ditu Briten burukada eta Marcosen jaurtiketa argia. Bien bitartean, ezker hegaleko defentsa Iñigo Gonzalezek ez du jakin aukera garbi bat baliatzen; defentsa batek moztu du bere erdiraketa. 

Kolpe gogorra bukaeran

Minutuak aurrea joan ahala, Martutenek aurreratu egin ditu lerroak, berdinketaren golaren bila. Falta eta kornerrak baliatu ditu Ostadar SKTri min emateko, eta eskuratu du saria azkenean. Bost minutu falta zirela, etxeko taldeko jokalariak ez dute area ertzean aldaratze bat urrundu, eta kanpoko taldeak banakoa ezarri du markagailuan. Pikutara ordura arte egindako lana. Talde donostiarra hazi egin da orduan, eta arriskua sortu du Iker Hernandoren ate inguruan. Hala ere, markagailua ez da gehiago mugitu; puntu bana talde bakoitzarentzat. Zapore gazi-gozoarekin joan dira aldagelara Ostadarreko jokalariak; eskuan zuten garaipenak ihes egin die amaieran.

Beste emaitza batzuk

Denboraldiko lehen garaipena eskuratu dute erregional neskek. 0-2 irabazi dute Antigua Luberriren aurka. Irabazi egin dute baita ere jubenil 1go mailakoek eta infantil txikiek: 6-0 Lengokoaken aurka eta 1-0 Añorgaren kontra, hurrenez hurren. Ohorezko infantilek bana berdindu dute Tolosaren aurka, eta galdu Kadeteen Euskal Ligakoek. Itxura ezinhobea emanez, hori bai; 4-2 galdu dute Athleticen aurka. Ohorezko jubenilak jokatzen ari dira uneotan, kanpoan Lengokoaken aurka. Kadeteen 1go mailako mutilek bihar goizean jokatuko dute Michelinen, 10:00etan, Kostkasen aurka.