Gaixo dauden presoak aske uzteko deia

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 31

Ibon Fernandez Iradi herritarra eta bera bezala gaixo dauden gainontzeko presoen askatzea eskatzeko manifestazio jendetsua egin da Okendotik abiatu eta erdiguneko kaleetan barrena “ Giza eskubideak, konponbidea, Bakea, Osasun egoera larrian dauden presoak askatu!” lelopean.

“Giza eskubideak, konponbidea, Bakea, Osasun egoera larrian dauden presoak askatu!” lelopean manifestazioa egin da herriko erdigunetik. Eskualdeko deialdia izan da eta azken ostiraletako ohiko ekitaldietan baino jende gehiagok parte hartu du. Oholtzan txalaparta doinuek lagunduta, Ibonen argazki erroaldoia zabaldu da martxari ekiteko. Buruan, Fernandez Iradiren senide eta lagunak izan dira.

Amaieran, esklerosi anizkoitza duen Fernandez Iradiren epaia ostegunean martxora arte atzeratzen dela jakitera eman dute. Epaileak beste froga mediku bat eskatu du eta hau aztertu ostean, martxoan emango du azken ebazpena "Frantzian, legeak proba bakarra nahikoa dela dio". Honakoa hirugarren azterketa izango da presoak bere kaleratzea eskatu zuenetik, "duela ia bi urte" salatu dute. Ibon bezala gaixo dauden presoak askatu  eta giza eskubideak betetzeko eskaera egin dute.