“Asko gustatzen zaigu bidaiatzea eta maratoiaren aitzakiarekin turismoa egiteko erabiliko dugu bidaia”, adierazi du Otamendik.
Ez pentsa ordea denbora-pasa doanik AEBtara: “asmoa 3 ordu eta 20 minuturen bueltan ibiltzea da, gozatu egin nahi dut, gehiegi lehertu gabe. Izan ere, ibilbidea gogor xamarra da hasieran eta baita 35. kilometrotik aurrera ere”, adierazi du.
Lasterketan, Brooklyn, Bronx eta Queens auzoak, Central Park, 5. Etorbidea... ikusteko aukera izango du Otamendik, munduko lasterketarik ezagun eta jendetsuenean.
Proba amaituta, bikotearekin eta koinatarekin berrikusiko ditu txoko ezberdinak, baina paseoan, lasai ederrean.
Bidaia luzea
Gaur goizeko 8:00etan abiatu dira Bilbotik Madrilera, handik zuzenean New Yorkerako hegazkina hartzeko. Ameriketan lur hartu eta larunbatean dortsalaren bila joango da Otamendi, igande goizean zapatilak lotu eta 42 kilometro eta 195 metroak osatzeko. (hemen 15:30ak direnean abiatuko da NY Marathon).
Entrenamendu sistema
Aste hau lasai hartu du Otamendik, entrenamendu bakarra egin du igandean gorputza sasoi betean edukitzeko.
“Oro har laguntza handia izan dut entrenatzen. Kuadrilako beste batekin aritu naiz kilometroak egiten eta entrenamendu luzeetan bizikletan laguntzen aritu zaizkit, oso erosoa da hori, ura ematen didatelako, gelak, distantziak neurtzen dizkidate... Bi ordu pasatxo entrenatzen dituzunean eroso eta motxilarik gabe joatea oso garrantzitsua da, eta batez ere psikologikoki laguntza handia ematen didate, oso eskertuta nago”, esan du Otamendik.
Astean hiru egunetan entrenatzen du, sentsazioen arabera. Serieak, distantzia erdia eta tirada luzea. Koadernotxo batean apuntatzen ditu entrenamenduak, pultsazioak eta erritmoa, serieetako denborak eta kilometroak, dena. Aurten jadanik 800 kilometro sartu dizkio gorputzari, ekaina amaieratik hasita.
“Maratoi baten prestaketan eta lasterketan bertan %40 burua dela uste dut. Entrenatu beharra dago, jakina, baina normalean bi txakalaldi izaten dira proba hauetan 26. kilometroan hankak gogortzen hasten zaizkizu eta 35. kilometroan horma famatua dator. Psikologikoki prestatuta ez bazaude akabo, minutu sorta handia joango zaizu”, ohartarazi du Otamendik.
Aurtengo helburua argi du: “Nire hirugarren maratoian 3:08ko denbora egin nuen, ea aurten Donostikoan hobetzen dudan”.