Omenaldia Lasarte-Oriako odol-emaileei

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 30a

Herriko odol-emaileek omenaldia jaso dute beste urtebetez, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Urinietako Oianume jatetxean igandean egindako bazkarian. Denera 140 lagun bildu ziren zonaldeko odol-emaileen ekitaldira. Horietatik 19 lasarteoriatarrak izan ziren eta intsigniak eta diplomak banatu zituzten odola 25 aldiz baino gehiago eman dutenen artean. Dominen banaketan izan ziren Nerea Sanchez Lasarte-Oriako Osasun zinegotzia eta Pablo Barrio alkatea.

Herritarrei dagokienez, zilarrezko domina eman zitzaien 25 aldiz odola eman dutenei. Horiez gain, emakumezkoetan 40 aldiz eta gizonezkoetan 50 aldiz odola eman dutenei urrezkoa banatu zieten. Hauek dira izenez izen: Amaia Anabitarte, Maria Teresa Guijarro, Begoña Iriondo, Belen Lizarazu, Maria Pilar Sanchez, Pedro Alegre, Imanol Recondo eta Javier Valle.

Aipamen berezia Ramon Zabaletak jaso zuen, herritarrak 78 aldiz eman baitu odola urte guzti hauetan. Lasarte-Orian 44 urte daramatzate odola ematen.

Giro onean, Oianumeko menua dastatuz kontu-kontari aritu ziren bazkarira bertaratutakoak. Bestalde, Gipuzkoako Odol Emaleen Elkarteak 50. urteurreneko ospakizun ekitaldia egingo du Donostiako Kursaalean, azaroaren 15ean.