Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera egin die Ibon Fernandez Iradi presoaren senideei

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 29a

Gaixo dauden presoen senitartekoak hartu dituzte gaur Martin Garitano ahaldun nagusiak eta Marina Bidasoro Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendariak. Ekitaldi horretan izan dira Ibon Fernandez Iradi herritarraren gurasoak.

Fernandez Iradi askatzeko eskaera

Gaixorik dauden presoen senideekin bildu ostean, adierazpenak egin ditu Garitanok hedabideen aurrean. Fernandez Iradiri buruz hitz egin du: "Bihar bertan erabakiko du Parisko apelazio auzitegiak Ibon Fernandez Iradi lasarteoriatarraren kasuan zer egin. Guk, instituzio garen heinean, gaixorik dauden presoak berehala libre uzteko eskatzen dugu". 

"Bizi dugun garaian, ezinbestekoa iruditzen zaigu euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko espetxe-neurriak indarrik gabe uztea. Lekuko ditugu gaur, hemen, gaixotasun larria izanda ere, espetxean segitzen duten presoen senideak; Gari Arruarte, Inma Berriozabal, Aitzol Gogorza eta Ibon Fernandez Iradiren senideak", nabarmendu du ahaldun nagusiak.

Garitanok salatu du presoen eskubideak urratuak izan direla: "Estatu espainiarrak eta frantsesak urratu egin dituzte espetxean dauden presoen eskubideak, Nazioarteko legediak arautzen dituenak. Urraketa horiek sufrimendu handia eragiten dute Gipuzkoako eta Euskal Herriko gizartean. Eta sufrimendu hori buka dadin, salbuespen neurriak desagerrarazteko legea aplikatzeko eskatzen diegu Espainiako eta Frantziako gobernuei. Hala nola, sakabanaketa-politikari amaiera ematea eta Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia betetzea eta, beraz, zigorra bete duten presoak aske uztea".