Ibon Fernandez Iradi presoa "lehenbailehen eta baldintzarik gabe" askatzeko eskatu du EH Bilduk

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urriaren 28a

Agerraldia egin du EH Bilduk Villa Mirentxun, justizia frantsesari eskatzeko "lehenbailehen eta baldintzarik gabe" aske uzteko Ibon Fernandez Iradi herritarra. Urriaren 30ean jakinaraziko du Parisko Dei Auzitegiak Fernandez Iradiri buruzko epaia.

Frantziako Lannemezan espetxean dago preso Fernandez Iradi. Esklerosi anizkoitza gaixotasuna dauka, larria eta degeneratiboa dena. Zigorra eteteko eskatu zuen Fernandez Iradik duela urte eta erdi, gaixotasuna tratatu ahal izateko. Ekainean eman zion erantzuna auzitegiak: espetxe zigorra eteteko eskaera onartu zuen osasun egoera larria zela eta, baina baldintza batzuk jarri zituen, prozesua luzatu dutenak. 

Lasarte-Oriako EH Bilduko hainbat zinegotzi eta ordezkari Lannemezan espetxean izan ziren duela bi aste, Fernandez Iradiren egoera lehen eskutik ezagutzeko. Bisita egin ostean, hainbat ondorio atera dituzte: "Tratamendua bateraezina da espetxean egotearekin. Gainera, egunero ez aplikatzeak larriki baldintzatzen du bere egoera", adierazi dute. 

"Urgentziazko kasua"

"Uste dugu urgentziazko kasua dela Ibon Fernandez Iradi presoarena; horregatik, Estatu Frantsesari eskatzen diogu baldintzarik gabe aske uzteko, Fernandez Iradik behar duen tratamendua jaso dezan, baina ez espetxeko baldintza eskasetan", zehaztu du koalizioak. 

Estatu Espainiar zein Frantsesaren "utzikeria" salatu du EH Bilduk: "Oso garrantzitsua da gaixotasun larri hori garaiz diagnostikatzea; utzikeriaz jokatu dute Estatu Espainiar eta Frantsesak. Ukatu egin zaio tratamendu mediku justu bat; beraz, Ibon Fernandez Iradiren giza eskubideak urratuak izan dira". Koalizioak gogorarazi du Nazio Batuetako Giza Eskubideetako Adierazpen Unibertsaleko bosgarren artikuluan jartzen duena: "Inor ez da torturatua izango, ez tratu txar, krudel eta iraingarriez azpiratua izango"

"Berehala" eskatzeko eskaera

Eskaera bat eginez amaitu du gaurko agerraldia Lasarte-Oriako EH Bilduk: "Gaurko agerraldian azaldutako arrazoiengatik eta gure herrikidea izanik, Ibon Fernandez Iradi lehenbailehen eta baldintzarik gabe aske uzteko eskatzen diogu justizia frantsesari".